Dakizuen bezala, lehen egilea naizen zientzia-artikulu bat argitaratzen denean egin duguna azaltzeko ohitura daukat. Egia da ere, oraindik halako azalpen-artikulu bat zor dizuedala, laster zor hori kitatzea espero dut. Edonola ere, gaurkoan argitaratu berri den artikulu bat azaltzen saiatuko naiz. Batez ere bertako populazioa aztertu dugulako eta horrek beti interesa pizten duelako. Bertako populazioa esaten dudanean Donostia edo Gurutzetako ospitalean artatuak izan diren pertsonei ari naiz. Twitterren haritxo bat egin badut ere, hemen patxada handiagoz arituko naiz zeren blogak beti izango dira gure gotorlekuak eta hemen iruzkin pertsonalagoak egin ditzazket. Gauzarik normalena izan beharko luke zerbitzatzen duzun gizarteari azaltzea gizarte horretan egin duzun ikerketa bat.
Hesteetako hanturazko gaixotasunak (HHG) hantura (inflamazio) kronikoak sortzen ditu digestio-aparatuan. Bi mota nagusi ditu: Crohn-en gaitza (digestio-aparatuko edozein puntutan gerta daiteke) eta ultzeradun kolitisa (batez ere kolonean gertatzen dena). Ohiko sintomak dira beherakoa, anemia, tripako mina eta pisua galtzea. EAEn 2016-2019 urteen artean 2804 ospitalizazio eragin ditu eta 27789 ospitalizazio-egun. Bere mekanismo biologikoak guztiz ezagunak ez badira ere, gene-aurrejoera duten pertsonak garatzen dute ingurumen-faktoreen ondorioz. Hala, aurkitu da 200 gene-eskualdeek parte har dezaketela gaixotasun honetan edo bere motetan. Baina populazioen artean gene-aldaeren eragina aldakorra da, gertu dauden populazioetan barne. Hau da, populazio batean arriskua sortzen duen gene-aldaera batek, alboko populazioan ez du zertan eraginik izan behar. Hortaz, interesgarria iruditu zitzaigun aztertzea dugun gene-ezagumendu hori nola ekarri gurera eta gurean nola erabili, medikuntza pertsonalizatuan aurrepausuak emateko.
Donostia eta Guretzetako Ospitaleetako 500 gaixo eta euskal biobankuko 900 kontrolen 5 milioi gene-aldaera aztertu genituen. Analisiak gaixo guztiak batera eta Crohn eta kolitisa banatuta egin genituen, genoma osoko asoziazio-analisia erabilita. Lehen aldia da gaixotasun hau euskal populazioan teknika horren bidez aztertzen dela eta ez dut uste bertako populazioan askotan erabili izan denik. Egia da teknika hau oso ohikoa dela gene-gaixotasun korapiloa askatzeko, baina gurean ez da askotan erabili.
Analisi hori eginda detektatu genituen eritasunekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde. Horietako eskualde batzuk beste populazioetan ere detektatu dira (hala nola, IL23R, JAK2 edo erantzun-immuneko geneak); beste batzuk ez dira aurretiaz HHGrekin lotu, baina bere funtzio biologikoagatik gaixotasunean parte-hartzea zentzua luke (AGT, BZW2 edo FSTL1 geneak, adibidez). Baita ere, berariaz aztertu genituen populazioen artean eragin aldakorra duten hainbat gene. Horien artean LRRK2 genea aztertu genuen, dardarina bezala ezagutzen dena ere, Parkinsonen eritasunean parte hartzen duelako eta gaixotasun hori sortzen duen mutazio batek euskal jatorria duelako. Bada, beste populazio batzuetan detektatu da LRRK2 geneak ere Crohn-en gaitzan parte hartzen duela eta, noski, horrek atentzioa deitu zidan: nolakoa izango da LRRK2 genearen eragina? Bada, HHG eta bere bi mota nagusietan antzeko arriskua sortzen duela. Hau da, pixka bat ezberdina euskal populazioaren gene-egitura berezia dela eta.
Erantzun-immuneko geneen parte hartzea jakina da, batez ere kolitisean. Izan ere, gene-seinalerik argiena gene-eremu horretan aurkitu genuen kolitisean. Eskualde hori sakonago aztertu genuen eta ikusi genuen bertoko populazioan seinale hori eragiten duten gene-aldaerak ezberdinak zirela edo efektua ezberdina zela. Jakina da erantzun-immuneko geneak kokatzen diren gene-eskualdea populazioz populazio aldakorra dela ingurunearen eraginez eta, ondorioz, bertan kokatzen diren gene-aldaeren maiztasuna aldakorra dela. Ondorioz, nahiko zentzuzkoa da kolitisean gene-aldaera ezberdinak detektatzea.
Hala ere, orain arte aipatu ditugun berdintasunak eta ezberdintasunak zein eragin dute ezaguna den gene-informazioa gurera ekartzeko? Bada, Europako populazioen eta bertoko populazioaren arteko gene-korrelazioa altua izan zen, batez ere Crohn-en eta HHG gaixo guztiak kontuan hartuta. Kolitisaren kasuan, gene-korrelazioa txikiagoa izan zen. Hau da, oro har, gene-aldaeren efektua antzekoa da jada ezaguna denarekin, baina kolitisian gutxiago. Ezaguna den gene-informazioa erabiltzerakoan gene-arriskua kalkultzeko, Crohn-en eta HHG gaixo guztietan aurresateko gaitasuna altua izan zen. Kolitisak, aldiz, buruhauste handiagoak eman zizkigun. Gene-arriskuaren banaketa aztertzerakoan, banaketa horren itxura ez zen halako analisi batean espero dena, agian erantzun immunearekin lotura duen eskualdearen ondorioz. Hori dela eta gene-eskualde hori kendu genuen arriskua kalkulatzeko eta orduan bai, banaketak itxura hobea izan zuen, baina gaixotasuna aurresateko gaitasuna mugatua izan zen.
Argi utzi nahi dut jakitun garela aztertu dugun lagin tamainak mugatu gaituela. 1400 pertsona aztertzea asko dirudi (eta da) baina halako analisietan ez da nahikoa ondorio sendoetara heltzeko (edo ondorio horien homologazioa lortzeko). Hala ere, iruditzen zait lehen pausu garrantzitsu bat dela ikusteko bertoko populazioaren gene-oinarriak aztertzea onuragarria dela eta, horrela, halako ikerketen beharra azpimarratzea eta erraztea. Zeren, gene-arriskua kalkulatzeko ereduak fintzea behar dugu medikuntza pertsonalizatua ganoraz gauzatu nahi badugu; eta bertoko populazioak berezko izan ditzakeen arrisku faktoreak, berezko gene-aldaerak, aztertu behar direlako. Horretan jarraituko dugu.
Bertoko populazioak gene-egitura berezia du. Gurean antzinako europarren eta europar modernoen nahasketa dago gene-aldaeren maiztasunean eragina duena. Horren isla da erantzun-immunearen gene-eskualdea eta nola eragin duen kolitisean zerbait ezberdina ikustea. Onartuko dizuet arduratzen nauela honek gaizki ulertzeak sortzea, euskal populazioaren inguruan egiten diren azterketak karikaturizatzeko edo barregi uzteko joera baitako. Baina, benetan, gure berezko nahasketa honek populazio oso interesgarria eta aberasgarria egiten gaitu, besarka dezagun gure (gene-)aniztasuna eta balia dezagun denon onurarako.
Bereziki harro nago artikulu honetaz, lan eskerga egin dut bertan eta arduradun gisa argitaratzen dudan bigarren artikulua bada ere, kronologikoki lehena izan da. Interes lokaleko gaia bada ere, ezagumendu unibertsalean lagungarri izango dela espero dut. Gainera, artikulu hau egiten ikasi ditugun gauza asko beste gaixotasun batzuk ikertzeko erabiltzen ari gara, ezagumendu erabilgarria arinago sortuta. Lana izan da, bai, baina medikuntza petsonalizaturako bidean, bertan bizi den orori kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoa
Eta noski hau ospatuko dudala. Tira, denok ospatu beharko genuke. Zientzia erantzukizun sozial eta publiko bezala ulertzen dugunontzat halako lanek posible dela frogatzen baitute. Eta horrela eta honetan lan egiteko nire konpromezua irmoa izaten jarraitzen du.