Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Gene-publizitatea

Hainbat konpainiek gailuetan dugun jarduera zelatatzen dute publizitatea ahalik eta “pertsonalizatuena” izateko. Hots, nolakoak garen zehatz mehatz jakin nahi dute kontsumituko dugun zerbaiten publizitatea jartzeko, horrela mozkinak ahalik eta handienak izatea bermatzen baitute. Algoritmoek eta enparauek “genetika” hitza asko erabiltzen dudala ondorioztatu dutenez (zergatik izango ote da? 🤔), Twitterren gene-publizitatea agertzen zait, batzuetan besteetan baino gehiago. Azter dezagun zer saldu nahi didaten.

Illumina enpresaren bi iragarki agertu zaizkit hainbatetan: batean podcast batera esteka, bestean informazio gehigarrira. Bietan gaia antzekoa: jaioberri edo haurtxo baten zaintzarako eta diagnosirako gene-lanabesak eta nola erabiltzen diren. Ez dut inoiz klik egin baina suposa dezaket zer saldu nahi duten. Illumina enpresak sekuentziazioa egiteko makinak eta zerbitzuak saltzen ditu. Hortaz, teknologia horrek dituen onurak saltzen saiatuko da. Noski, jaioberriak eta haurtxoak erabiltzen dituzte salgarriagoak direlako, gure sentimenduak ukitzen dituztelako. Nork ez luke nahi bere haurrentzat onena? Beste kontu bat da halako lanabesak kostatzen duten dirutza benetan erabilgarria den lortu nahi den balizko onura horrentzat. Eta, egia esan, hori ez dut oso argi. Agian gene-informazioaren mugetaz jakitun naizelako eta ez dudalako gustuko genetikaren gaitasunak gehiegi saltzea. Nahikotxo egiten du genetikak, ez dugu zertan itxaropen faltsuak saldu behar.

Invitrogen enpresak zerbait zehatzagoa saldu izan dit: gene-ediziorako CRISPR teknika modu oso eraginkorrean erabili ahal izatea. Oso espezifikoa eta nitxokoa den kontu bat. Beraien zoritxarrerako, nik ez dut laborategiko lana egiten eta, ondorioz, ez dit ezertarako balio saltzen dutena. Gainera, CRISPR teknika oso erabilgarria bada ere, eta azken urteetan loria lortu badu ere, tira, ez da saltzen duten bezain eraginkorra. Genomako eskualde batzuetan optimizatzea lortu dute bai, baina beste eskualde batzuetan oraindik lan asko egin behar da behar bezala funtziona dezan. Noizbait iragarki horretan esaten dutena lortuko dute baina ez da niretzat izango.

Sysmex-en iragarki hau ez da gene-publizitatea baina lan egiten dudan gaixotasun bati buruzkoa da. Hori ere ulertu dute, e? Euskaraz “kolon eta ondesteko minbizia” txiokatzen dudanean oso ondo ulertzen zer esaten dudan horri buruzko publizitatea jartzeko. Zer eta gainera, bere baheketari buruzkoa, hain justu ikertzen dudan zerbait. Badirudi algoritmoak, nahi izanez gero, eleanitzak izan daitezkela. Edo, agian, agertu zait bilatzaile famatu batean aukera akademikoan minbizi horri buruz informazioa bilatzen ibili naizelako? Baina bilaketa horiek ingelesez dira. Eta iragarkia gazteleraz dago. Hemen dena neurtzen dute eta neurtuta daukate. 

Eta azken iragarkiak ez du zer ikusirik genetikarekin baina grazia egin dit. Accenture enpresaren iragarki bat da organizazio baten egoera diagnostikatzeko eta “hobekuntzak” egiteko. Nola egiten dute hori, ba organizazio horren DNA dekodetzen, jasangarria ote den jakiteko, bere DNA zein sendoa den aztertuta. Metafora bezala bikaina dela pentsa dezakete, baina nire begien aurrean oso barregarria gelditzen da. Algoritmoak pentsatuko zuen “tipo honi genetika interesatzen zaio, iragarki honek DNA darama, aurrera guztiarekin!” 🤷🏻‍♂️

Beno, ziur naiz halako iragarki gehiago agertuko zaizkidala. Datuak bilakatu gaituzte ahalik eta mozkin handienak lortzeko. Hori egitean halako egoera zentzugabeak sortzen badira ere.