Kafepintxo

Esnatu zenean, gaixotasun infekziosoak hor jarraitzen zuten

Ez dakigu zer gertatzen den azken aldi honetan gaixotasun infekziosoak lerroburuetan ditugula sarritan. Bi urte baino gehiago dira COVID19aren pandemian murgilduta gaudela (ohitu gara bai, baina oraindik hemen da), eta azken asteetan irakurri dugu detektatu direla jatorri ezezaguneko hepatitisak haurretan edota munduko hainbat lekutan tximino-baztanga kasuak.

Beno, egia esan, jakin badakigu zer gertatzen ari den. Beste gauza askoren artean, klima-larrialdia, habitaten suntsipena, osasun-sistemen ahultzea, gizarte arrakalak, sistema ekonomiko bidegabe bat eta, oro har, arazoei aurre egin beharrean, ezer ez egin, berez konponduko direlakoan (edo beste batek konponduko dituelakoan). Sindemia deitu dugun hori, hain zuzen ere.

Tximino-baztangarekin gertatzen ari dena oso argigarria ari da izaten. Ez dakigu zer gertatuko den, oraindik goiz baita aurreikuspenak egiteko; baina espero dezagun agerraldi gutxi batzuetara mugatzea. Hala ere, ezin dut gorputzetik kendu déjà vu sentsazio desatsegin hau. Tximino-baztanga orain dela 50 urte baino gehiago ezagutzen da, eta hainbat agerraldi izan ditu gizakien artean, oso mugatuak, gizakien arteko transmisioa zaila delako. Agerraldiak Afrikako erdialdean edo mendebaldean gertatu ohi dira edo jatorria bertan dute, susmatzen delako bertako tximinoak edo karraskariak birusaren gordailuak izan daitezkela. Hala ere, azken egunetan ezagutzera eman diren kasuek, momentuz, ez dute ageriko jatorririk Afrikan. Gainera, pixkanaka, gero eta kasu gehiago detektatzen ari dira eta, ostera, identifikatu dira detektatu gabeko kasuak (hasierako diagnostika ez zen tximino-baztanga izan). Nolabait, oharkabean pasa diren kasuak. 2020ko hasieraren itxura handiegia du guzti honek, patroiagatik bai behintzat.

Nola da posible pasa dugun guztiaren ostean gaixotasun infekziosoak oharkabean zabaltzea eta bapatean inork espero ez zuen egoera batekin topatzea? Bada, bi urte pasatxo hauetan ez delako ezer egin pandemiak saihesteko. Hona ekarri gaituzten baldintzak (sindemia) bere horretan jarritzen dute. Gainera, baliabide ekonomikoak ez dira osasungintza indartzeko bideratu, orain beste lehentasun eta premia batzuk daudelako. Eta badut sentsazioa “lehen mundu” deitzen dugun honetan, gaixotasun infekziosoei ez diegula duten garrantzia ematen. Gure klasismoan uste dugulako infekzio batez hiltzea pobreen kontua dela. Txertoak eta antibiotikoak ditugu eskuragarri, infektatzen bazara, edo babestuta zaude edo tratamendua har dezakezu (beno, osasuna unibertsala eta publikoa den herrialdeetan, noski). Gaixotasun infekziosoak gurekin ez dute zer ikusirik. Begira bestela zer gertatu den behin ia denok SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoa hartu dugunean: beste kontu batzuetara jarri garela. Baina gaixotasun infekziosoak kontu oso larria eta serioa da. Datu adierazgarri bat: populazioaren ia laurden batek tuberkulosia du, 1,5 miloi pertsona hiltzen dira urtero tuberkulosiak jota. Baina guk antibiotikoak ditugunez, hori guztia alde batera uzten dugu.

Are gehiago, sistema eta gizarte moduan dugun egiturazko arazo hori onartu beharrean, eta behar bezala konpondu beharrean, azalpen iraingarriak entzun behar ditugu. Horien artean, saiatzea lotzen tximino-baztangaren transmisioa sexu-joerarekin. Estigma sortzeaz gain, gu guztiok ergeltzat jotzea da. Baina, noski, errazagoa da baztertutako kolektibo bati dagokiola esatea, gure osasun-sistemak prest ez daudela onartzea baino. HIESarekin gertu zen bezala. Eta ez zen oso eraginkorra izan, zeren 40 urte ostean, pandemia izaten jarraitzen du. Bai, HIESa oraindik pandemia bat da. Ahaztu baditugu ere, momentu honetan bi pandemia ditugu: HIESarena eta COVID19arena. Gaixotasun infekziosoak arbuiatzeko dugun joera ikaragarria da.

Patogenoak ez dira desagertuko. Gure harrokerian pentsa dezakegu beti irabaziko dugula baina hori pentsamendu magikoa da. Zaharrak itzuliko dira eta berriak etorriko dira. Egin dezakegun gauza bakarra da prest egotea. Eta horretarako ardurak dituztenak bere lana egin beharko dute eta zientzian aritzen dugunok ere gure lana egin beharko dugu. Eta gizarteak arduradunak eta geu presionatu, ardurak eskatu eta jarraipena egin. Jokoan dago hurrengo pandemia saihestea edo, berriro ere, gure bizitzak hankaz gora jartzea.