Ohiturari jarraituz, eta oporretatik indartsu itzultzeko, bueltan nator argitaratu berri dugun zientzia-artikulu bat azaltzeko. Ohitura diot, zeren lehen egilea naizen zientzia-artikuluak beti azaltzen ditut txoko honetan. Gainera, gaia kolon eta ondesteko minbizia izanik eta bertoko populazioa aztertuta, ba zentzu guztia dauka gizarteratzea egindako lana. Nire ohiko estiloarekin.
Kolon eta ondesteko minbizia oso hedatua dagoen gaitza da (munduan diagnostikatzen diren minbizien %10a da) eta minbizien artean hildako gehien eragiten dituen bigarren minbizi mota. Esate baterako, EAEn 2016-2019 urteen artean 8356 ospitalizazio eragin zituen eta 85751 ospitalizazio-egun. Ahalik eta lehenago diagnostikatu, biziraupen-aukerak handitzen dira. Hortaz, bere prebentzioa eta diagnosi goiztiarra egiteko baliabideak ikertzea garrantzitsua da. Hori lortzeko genetika ere erabili izan da, kolon eta ondesteko minbizian parte hartzen duten geneak eta funtzio biologikoak ezagutzeko eta, ahal dela, prebentzioan eta diagnosi goiztiarrean laguntzeko. Hala, hainbat gene-aldaera identifikatu dira kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukera handitzen dutenak; eta, gene-aldaera horietan oinarrituta, gene-arriskua kalkulatzeko hainbat eredu garatu dira, nolabait, halako minbizia garatzeko dagoen probabilitatea kalkulatzeko baliagarria izan daitekeena. Hesteetako hanturazko gaixotasunetan egin genuen ikerketan lortu genuen eskarmentua baliatuta, kolon eta ondesteko minbizian dagoen gene-informazioa euskal populazioan erabilgarria ote den aztertu dugu, jakintza hori gurera ekartzeko eta gurean erabili ahal izateko.
Horretarako, Donostia Ospitaleetako 800 gaixo eta euskal biobankuko 900 kontrol osasuntsuren 5 milioi gene-aldaeratik gora aztertu genituen. Analisiak gaixo guztiak batera eta kokapenaren arabera (eskuineko kolona, ezkerreko kolona eta ondestea) egin genituen, genoma osoko asoziazio-analisia erabilita. Hesteetako hanturazko gaixotasunetan egin genuen azterketaz gain ez dut uste bertako populazioan askotan erabili izan denik teknika hau. Hortaz, halako analisia erabilita minbizi baten gene-oinarriak gurean ikertzen lehenetako lana da hau, bide batez, gene-gaixotasunen korapiloa askatzeko oso erabilia den teknika.
Analisi hori eginda detektatu genituen minbizin hau garatzearekin lotura izan zezaketen 5 gene-eskualde. Bertan kokatzen diren geneak (besteak beste, ABCA12, ATIC eta ERBB4) kolon eta ondesteko minbizian parte hartzen dutela deskribatu da baina guk aurkitu dugun lotura hori ez zen ezaguna. Gainera, tumoreen kokapenaren araberako analisietan beste 38 gene-eskualdek parte har dezaketela detektatu genuen. Horietako hainbatetan kokatzen diren geneak aurretik minbizi mota honetan parte hartzen zutela jakina zen eta beste batzuk ez. Hemen, ikertzeko aukera berriak daudela iruditzen zait. Gainera, ezaguna da eskuin eta ezker koloneko minbiziak genetikoki ezberdinak direla, eta gure emaitzak norabide horretan doaz: kokapen bakoitzean detektatu genituen aldaerak ezberdinak izan baitziren.
Kolon eta ondesteko minbizian aurretik ezagutzen ziren gene-aldaerei dagokiela, hots, beste populazioetan minbizi mota hau pairatzeko arriskua handitzen duten gene-aldaerei dagokiela, gene-aldaeren %5ak izan zuten loturaren bat gure populazioan. Lan baten baino gehiagotan detektatu ziren gene-aldaeren kasuan, %16ra igo ziren detektatzeko gai izan garen gene-aldaerak. Batetik, kontuan izan behar da 1700 lagin asko badirudiela ere, halako lanak egiteko justu samarra dela eta, ondorioz, gerta liteke ez ditugula detektatu gaitasunik ez dugulako. Bestetik, ikusita gene-aldaera gehienak lan bakarrean detektatu direla (lan batean baino gehiagotan detektatu diren gene-aldaerak detektatzeko izan genuen gaitasuna altuagoa izan zen), badirudi populazioaren menpeko zerbait izan daitekela arriskua. Beno, gene-gaixotasun konplexuetan gertatzen den zeozer. Hau ere kontuan hartzekoa da eta sakonago aztertu beharrekoa.
Gainera, aztertu genuen kolon eta ondesteko minbizian eragiten duten faktoreen gene-aztarna detektatzeko gai ginen. Eta, baita ere, bakterio-talde handien agerpenean eragiten duten gene-aldaeren efektua aztertu genuen. Bai, halako analisiak egin ditzakegu, aurreko batean egin genuen bezala. Egia da, analisia teknikoki nahiko ahula izan zela, baina, tira, genuen gaitasun estatistikoa ikusita, arrasto interesgarriak ziren. Batetik, kolesterolaren eta gorputz-masaren indizearen eragina detektatu genuen, baina ez kolon eta ondesteko minbizi zuten pertsona guztiak aztertzerakoan, baizik eta kokapenaren araberakoa izan zen detekzio hori: kolesterolaren eragina ezkerreko minbizia garatzeko arriskuan detektatu genuen; eta gorputz-masaren indizearen ondestekoan. Bakterioen kasuan, Firmicutes eta Zianobakterioen eragina antzeman genuen, kasu honetan, bai, kolon eta ondesteko minbizi zuten pertsona guztiak aztertzerakoan, baina kokapena kontuan hartuta, bakarrik ezkerreko minbizia garatzeko arriskuan ikusi genuen eragin hori. Bai aipatutako faktoreak, bai aipatutako bakterio-taldeak, kolon eta ondesteko minbizian eragina dutela jakina da, bakterioen kasuan eragin hori zein den oso argi ez badago ere. Gainera, lehen aipatu bezala, eskuin eta ezker koloneko minbiziak genetikoki ezberdinak izateaz gain, bertan bizi diren bakterioak ere ezberdinak dira. Hortaz, analisia teknikoki ahula bada ere, lortu ditugun emaitzak biologikoki kontsistenteak dira eta hainbat gako ematen dizkigute.
Azkenik, gene-arriskua kalkulatzeko 25 eredu aztertu genituen ikusteko ea gai ziren aztertu genituen pertsonak egoki sailkatzeko. Eredu horiek sortzen dira arriskua emendatzen duten gene-aldaerei balio bat emanez. Horietako gene-aldaera asko badituzu gaixotasuna izateko aukera gehiago izango dituzu. Arrazoiketa hori da eta medikuntza pertsonalizatuaren bidean dagoen aukeretako bat. Bada, kolon eta ondesteko minbiziarentzat garatu diren eredu horiek aztertu ostean, denetarik aurkitu genuen. Beste modu batean esanda, beraien gaitasuna pertsonak modu egokian sailkatzeko aldakorra izan zen. Eredurik onena nahiko ondo ezberdindu zituen gaixoak eta osasuntsuak (tumorearen kokapenak ez zuen eraginik, ondo sailkatzen zituen ere) baina bere eragina mugatua da. Hau da, egokia da baina hobetu daiteke. Hortaz, beste gene-aldaera batzuk erabili beharko lirateke eta genetikoak ez diren beste faktore batzuk barneratu sailkapen egokiago bat lortzeko.
Gainera, emaitza hauek hesteetako hanturazko gaixotasunetan lortu genituen emaitzekin erkatu genituen, bi gaitzen arteko nahasmendua saihesteko (batzuetan antzeko sintomak izan ditzakete). Alde batetik, hainbat gene-aldaera aurkitu genituen bi gaitzak ezberdintzeko balio izan dezaketeenak; bestetik, aipatuko gene-arrisku eredurik onena ez zituen bi gaitz hauek nahastu. Beste modu batera esanda, gene-oinarri ezberdinak dituzte bi gaitzak, hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonek kolon eta ondesteko minbizia pairatzeko aukera gehiago badituzte ere. Kasu honetan, ez dugu gene-loturarik aurkitu bi gaitzen artean, edo, behintzat, ez gara gai izan.
Esan bezala, aztertu dugun lagin-tamaina mugatua da eta lortu ditugun emaitzak teknikoki ez dira espektakularrak. Baina zentzu biologikoa dute eta, niri behintzat, erabilgarriak izan daitezkela iruditzen zait. Batetik, bertako populazioan genetikoki gertatzen dena hobeto ezagutzeko aukera eman baitigu; bestetik, hurrengo analisiak egiteko oinarria ematen digutelako. Eta baita ere balio digulako baieztatzeko merezi dutela bertoko populazioa ikertzea eta azaltzeko lagin gehiago aztertu beharko ditugula analisi sendoak lortzeko. Agian ez du zuzenean aplikazioa baina ateak eta bideak zabaltzen ditu. Eta, berriro ere, baieztatzen du beharrezkoa dela lokalean ikertzea. Espero dut lan hau bultzada bat izatea gure buruak ikertzen jarraitzeak merezi duela baieztatzeko; eta beste populazio batzuk animatzeko beren buruak ikertzera. Zeren, oro har, badirudi kolon eta ondesteko minbiziaz dakiguna (genetikari dagokiona, bederen) gurera ekar daitekeela baina ñabardurak egon badaudela, hau da, tokiko gene-aldaerak kontuan izan behar direla. Hortaz, populazio bakoitzak bere burua aztertzea, lehen pausu bezala, ez dirudi ideia txarra denik.
Bitartean, ba analisi berriak pentsatuko ditugu (gaiak merezi baitu) eta ereindakoa ospatu. Tira, jada ospatu dut baina berriro ospatzea ez dago gaizki. Zeren gure buruak ez baditugu guk ikertzen edo ez dira ikertuko edo subjektu bezala ikertu ordez objektu bezala ikertuko gaituzte. Eta nire konpromezua denez zientzia arduratsua egitea, horretan jarraituko dut, bai, noski!