Kafepintxo

Patxadaz dibulgatu, gustura egiteko

Iraileko ekinokziorekin batera dibulgazio-denboraldiari hasiera ematen diot Edonolan. Egia da, udan kolon eta ondesteko minbiziari buruzko artikulu bat argitaratu zigutenez, aurten aurredenboraldia ere izan dugula. Eta ekinokzioa erabili ohi dut denboraldiaren aurreikuspen bat egiteko. Edo halako zerbait.

Asko pentsatu ostean, aurten patxadaz hartuko nahi dut Edonolan dibulgatzearena. Azken hiru urteak nekagarriak izan dira hainbat arlotan; eta beste leku batzuetan dibulgatzeko aukera eman didatenez, etxe honetan ez naiz nahi beste aritu. Azken bi denboraldiak bukatzerakoan esan dut ez naizela nahi beste aritu, eta hori seinale nahiko argia da beste modu batera hurbiltzeko beharra dudala. Iaz zerbait ezberdina egiten saiatu nintzen baina konturatu naiz ez dudala energia edota denbora nahikorik buruan nuen hori ganoraz egiteko. Aurrerago, agian, berformulatu dezaket “zuekin batera dibulgatu” hori. Momentuz, nire partetik, ezinezkoa zait.

Hortaz, aurten patxadaz hartuko dut kontua hemen. Nire buruari ez diot asmo handirik jarriko. Zientzia-artikulu bat argitaratzen dugula? Azalpena izango duzue, beti bezala. Horrekin dudan konpromezua ez da aldatzen. Gainontzekotan, zerbaitez estilo librean idazteko gogoak ditudanean hemendik agertuko naiz nire harrikada botatzera. Patxadaz hartu nahi dut, dibulgazioa gustura egiten jarraitzeko.

Iruditzen zait, oro har, saturazio puntu batean nagoela gauza guztiekin eta, egia esan, orain arte sortutako material gehiena (zera, Edonolan 200 artikulutik gora) atenporala denez, berrerabili daitekela. Badirudi zerotik sortzeko beharrean gaudela eta, egia esan, pixka bat egokituta, gaurkotu daitezke landutako gaiak. Izan ere, uda honetan orain dela urte t’erdi egin zidaten elkarrizketa bat berreskuratu zuten eta oso ondo zaharkitu da. Agian ez dugu horrenbeste sortu behar, agian iraungitze luzea duten edukiak sortu behar ditugu.

Zera, patxadaz esaten dudanean ez pentsa desagertuko naizenik. Hainbat lekutan dibulgatzen jarraituko dut eta norbaitek sare sozialetan galderarik egiten baldin badit gustura erantzungo dut, e? Patxadaz diodanean, nire autoexigentzia aldatzeari dagokio: gutxiago sortu hobeto egiteko. Eta horrela ere, denbora irabazten dut urtebete barru dibulgazioan 10 urte egingo ditudala ganoraz ospatzeko. Pertsonaia hil nahi dut ere, ez pentsa, kafepintxoarena agerikoegia da ospakizun bezala hartzeko.

Zeren, bai, gaur hasiko den dibulgazio-denboraldia hamargarrena izango da. Gure lanaren parte izan beharko lukeen hau, baina gure lanean behar bezala kontutan hartzen ez dena, esfortzu bat eskatzen du. Beti gustura egin dudan zerbait baina, denok bezala, indarrez ozta nago. Selektiboa izan behar dut energiak zertan eta nola erabili. Horrek ere dibulgazioaren zaurgarritasuna agerian utzi egiten du. Edo agian aukera bat da ahots berriak entzuteko. Denok eskertuko dugu hori.

Denboradi  hau suabeagoa izatea espero dut, gauza handirik gabekoa. Baina, beti bezala, ondo pasatzea izango da helburua eta, noski, denok gonbidatuta zaudete.