Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Zer dakigu ostalariaren eta mikrobiotaren arteko elkarrekintzez kolon eta ondesteko minbizian?

Dakizuen bezala, arduradun naizen zientzia-artikulu bat argitaratzen duten bakoitzean hona nator egindakoa azaltzeko. Oraingoan, zertxobait ezberdina izango da. Noizbehinka (batzuk beste batzuk baino maizago, hori ere egia da) gai baten inguruan jakina dena biltzen dugu eta laburpen antzeko bat egiten dugu, review deitzen duguna, hain zuzen ere.  Modu errez batean: gai baten inguruan dokumentatzea. Eta hori da egin duguna, kolon eta ondesteko minbizian ezagunak diren ostalariaren eta mikrobiotaren arteko elkarrekintzak jaso, antolatu, ondorio batzuetara heldu eta gehiago jakiteko proposamenak egin.

Lehenengo zatian, jaso egin ditugu kolon eta ondesteko minbizian mikrobiota nola egituratzen den eta zeintzu funtzio biologiko betetzen dituen. Horretarako, bakterioetan, arkeobakteriotan, birusetan, onddoetan eta bizkarroietan egindako lanak aztertu ditugu. Beno, imajina dezakezun bezala, bakterioak dira gehien aztertu diren taldea, baina besteetan hainbat lan egin dira ere. Oro har, ikusten dena da ez dagoela argi kolon eta ondesteko minbizian dibertsitateak gora edo behera egiten duen, emaitza kontrajarriak baitaude. Argi dagoena da kolon eta ondesteko minbizian egituraketa ezberdina dela pertsona osasuntsuekin alderatuta, eta badirudiela ez dagoela ezberdintasun nabarmenik adenomen (berez onbera bada ere, tumore gaizto baten aitzindaria izan daiteke) eta egoera osasuntsuaren artean. Gainera, kolon eta ondesteko minbiziaren fasearen arabera mikrobiotaren egituraketan ezberdintasunak behatzen dira; eta koloneko zein lekutan agertzen den arabera, ezberdintasunak ikusten dira baina egoera osasuntsuan baino homogeneoagoa da mikrobiotaren osaketa. Zergatik da garrantzitsua guzti hau? Mikrobiotan agertzen diren espezieen arabera kolon eta ondesteko minbiziaren egoera inferitu badezakegu, diagnosirako lanabes oso interesgarria izan daitekelako. Baina arazotxo bat dugu honekin: lanez lan aldakorra da zeintzu espezie agertzen diren eta, hala, zaila da patroi bakarra aurkitzea. Edonola ere, badira behin eta berriz agertzen diren taldeak, adibidez, Fusobacteriumtaldeko bakterioak. Azken kontu bat honen inguruan: mikrobiota osatzen duten talde ezberdinen arteko harremanak aldatzen dira kolon eta ondesteko minbizian, hau da, egoera osasuntsuetan espezie ezberdinen artean dauden orekak apurtu egiten dira kolon eta ondesteko minbizian.

Betetzen dituzten funtzio biologikoei dagokiola, bakterioak dira aztertu diren taldea eta tumoreen garapenarekin harreman izan dezaketen funtzio gutxi batzuk detektatu dira kolon eta ondesteko minbizian presente dauden bakterioetan. Hala ere, mikrobiota nahiko erredundantea da funtzioei dagokiola, hau da, bakterio ezberdinek funtzio berdinak betetzen dituztela eta, hori dela eta, aldaketa gutxi detekta daitezke.

light inside library
Photo by Janko Ferlic on Pexels.com

Bigarren zatian elkarrekintzak jasotzen ditugu. Lehenengo mikrobiotaz zer dakigun azaltzea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun gaiari zegokion testuingurua emateko. Zeintzu elkarrekintza daude? Bada, ostalariak molda dezake mikrobiotaren egituraketan, beren osaketan parte har dezaketen gene-aldaerak kolon eta ondesteko minbizian parte har dezaketelako ere, eta geneen funtzioak eragin dezakelako egituraketa horretan. Mikrobiotak, aldiz, ostalarian eragin dezake koloneko zeluletan mutazioak eraginez (eta horrek tumoreak sortzeko probabilitatea handitu) edota koloneko zelulen geneen aktibitatea eta erregulazioa moldatuta. Horiek, nolabait, partekatutako mekanismoak dira, elkar eragiten dute eta. Baina, baita ere, kolon eta ondesteko minbizia garatzeko arriskuan duten eragina independentea izan daiteke. Hau da, ez diote elkar eragiten eta bakoitzak arriskuaren zati bat azaltzen du. Gainera, kontuan hartu behar da ostalariak mikrobiota dietaren eta bizimoduaren bidez molda dezakela. Gogoratzen arestian aipatutako Fusobacterium taldea? Bada, dietan jaten dugun zuntz-kopurua molda dezake bere agerpena . Bai, irudia konplexua da. Baina hau biologia da, ezer ez da erraza.

Orduan zein da gure ondorioa? Ba hainbat mekanismo ezberdin parte hartzen dutela ostalari eta mikrobiotaren arteko elkarrekintzan kolon eta ondesteko minbizian. Horregatik biak ikertu behar direla, lortzen den informazioa ez baita erredundantea. Baina kontuan izanda aldakortasun handia dagoela emaitzetan, agian arrazoi biologikoengatik (ingurunearen eragina dela eta), agian arrazoi teknikoengatik (erabilitako metodoek eragin handia dute eta). Nola hobetu gure ezagumendua? Bada, existitzen den informazioa berraztertzea ideia berriak aztertuz eta garatu diren lanabes berriak erabiliz; eta metodoen merkatzeari esker, mikrobiota hobeto ikertu ahal izango da, kontuan izanda kolon eta ondesteko minbiziaren fasea eta kokapena, beti ere pazienteari ahalik eta eragozpenik txikiena eginda.

Laburbilduz, hainbat elkarrekintza gertatzen dira ostalariaren eta mikrobiotaren artean, eta hauek ostalariaren genetikak edota bizimoduak moldatu ditzake. Baina oraindik asko dago jakiteko horiek ondo zehaztu ahal izateko, beno, edonola ere, edozein gaietan gertatzen den bezala. Eta uste dut dokumentazio lan hau lagungarria izango dela egingo ditugun hurrengo lanetan, orain erreferentzia guztiak eskura baititugu.