Aspaldi esan nuen noizbait nire autobiografia ez baimendua idazten banuen Bartzelonari buruzko kapitulua “Atlantida 17” deituko nuela. Hortaz, zentzua dauka bi urte horiek laburtzeko erabiliko dudan sarrera horrela deitzea. Aurreko atala tesia defendatu berritan bukatu nuen. Tesia defendatu ostean oporretan Tenerifera joan nintzen eta joan baino lehenago Bartzelonako lan-eskaintza batera aurkeztu nintzen. Beranduago baiezkoa jaso nuen eta 2010ko iraila bukaera aldera Bartzelonara joan nintzen bi urtez lan egitera. Eta bizitzera. Bartzeloneta auzoko Atlantida kaleko 17. zenbakian dagoen eraikinera.
Beti esan dut oso zoriontsu izan nintzen garai bat izan zela. Leku egokia, momentu egokian eta inguruan pertsonarik egokienak. Asko ikasi nuen, oso ondo pasa nuen eta nintzena (naizena) indartzeko baliagarria izan zen. Umore beltz asko, “cap problema, no passa res” lelo moduan eta kafepintxoaren aitzindaria izango zena. Zeren hondartza aurrean lan egiteak eta eskura terrazak edukitzeak hori zuten: kafea itsasoari begira har zitekeela. Bulegoan genuen giroa ikaragarria zen eta beste bulegoetako jendeak kafea hartu nahi zuenean gurera etortzen zen saltseo bila. Eta, hala ere, lan asko egiten genuen, e? Langile izatea eta aldarte ona izatea ez dira zertan bateraezinak izan behar. Ordukoa da 24 orduen legea “zerbait txarto ateratzen bazaizu, 24 ordu dituzu zure potxingoan plisti-plasta ibiltzeko (72 ordu zerbait larria izan bada), gero gora joan behar duzu”. Gainera harritu ninduten bertan hizkuntzarekiko zuten begiruneak (aurrekoan euskarazko tesien Koldo Mitxelena saria jaso nuela esan nizuen, bada, Bartzelonako lankideek gehiago zoriondu ninduten Euskal Herrian baino) eta dibulgaziori ematen zioten garrantziak. Oso zoroa izan zena, hamaika pasadizo eta betirako gordeko ditudan oroitzapenak.
Nola ez, zientzia ona egin genuen ere eta zientziaz asko hitz egin, pentsatu eta hausnartu. Giro horretan eta aldarte horrekin, ezinezkoa horrela ez izatea. Asko harritu ninduen nire iritzia kontua izatea eta, oro har, sentitzen nuen begirunea. Garai hartakoak bi dira argitaratutako lan nagusiak. Bata, bakterioen DNA nahasketatik bakterioak identifikatzeko metodoen konparaketa. Berez, oso teknikoa bada ere, ondorioak nahiko zentzuzkoak izan ziren: identifikatzeko erabiltzen den erreferentzia eragin handiagoa du metodoek baino eta metodo guztiek bat egingo dute identifikatzen erraza diren bakterio-espezieetan. Okerrena? Hamar urte geroago eremu honetan teknologiak eta metodoak hobetu badira ere, muinean, arazo berdina dago. Bestea, A gripe larria pairatzeko gene-oinarrien ikerketa izan zen. Buruan nuen ez genuela bestelako emaitzarik lortu baina orain dela gutxi berriro irakurri dut eta iruditzen zait apalegiak izan ginela emaitzekin eta mamia dagoela. Zergatik irakurri dudan berriro? Bada, oraindik lan horri buruz jendeak galdetzen digulako eta bi lan horiek, oraindik, aipuak jasotzen dituzte. Tesi garaiko artikuluekin gertatu bezala, ganoraz egindako lanak denboran mantentzen dira eta aipuak jasotzen jarraitzen dute, egindakoa sendoa delako. Harro esan dezaket jakintzan utzi dudan ondarea arnas luzekoa izan dela.
Bi urte marabilloso izan ziren baina banekien etapa bat besterik ez zela izango, nire lekua Euskal Herrian egon behar zuela. Bertan asko ikasi hona eskarmentuarekin itzultzeko. Itzuli nintzen bai, baina jada ez nintzen nintzena. Hori, hurrengo baterako utziko dugu.