Kafepintxo

Zientzian jolasten eta endredatzen (III): Ni ez naiz hemengoa

Bartzelonako abenturaren ostean, Euskal Herrira itzuli nintzen zeren, aizuek, nire sentipena beti izan da nire gaitasunak (direnak direla) herri honen mesedetan erabili behar ditudala. Ni eroso sentitzen naiz gertuko gauza txikiak egiten, ez hotsandiko gauzak egiten. Baina jada ez nintzen nintzena, eta agian lekurik ez nuen.

Euskal Herrira itzuli nintzenean sentitu nuen EHUn gauzak serioegi hartzen zirela. Era berean, gauza batzuk ez zirela oso serioak. Eta ni ez nindutela serio hartzen. Gainera, hutsune bat nuen, zerbait falta zitzaidan, akademia hori gai emateko ez zena. Orain, perspektibarekin, konturatzen naiz ez nintzela moldatu, ez 2012-2014 fasean, ezta 2014-2017 fasean. Zeren EHUn bi fase ezberdin bizi izan nituen, bi ikerketa-talde ezberdinetan, baina sail berean. Zera, denetarik egon zen: momentu onak, normalak eta ezjakintasun handikoak. Baina ez naiz horretan zentratuko. Gauzak dira diren modukoak eta askotan ez dira gogoratzen ditugun bezalakoak. Orain ez du ardura guzti horrek, ardura duen gauza bakarra da lagun handiak egin nituela eta horrekin gelditzen naizela.

Hala ere, paraleloan zerbait garrantzitsua gertatu zen: UEUn murgildu nintzela eta dibulgazioan hasi nintzela. Lehenengo txiotesiko hitzaldi hartatik (2013tik) UEUn izan dudan ibilbidea ezaguna eta publikoa da. Naizen bezalakoa onartu eta estimatu duen erakunde akademiko bakarra izan da. Oso serio hartu nauena, inoiz ez badiogu seriotasun kutsurik eman ere. Eta dibulgazioari esker, komunitate oso batek naizen bezalakoa onartu eta estimatu nau. Beharrezkoa izan denean serio hartu nauena. Falta zitzaidan zera hori, mugimendu hauei esker ezagutu nituen bidelagunak eman zenidaten. Eta kafepintxoaren agerpena, noski!

Bi fase horietako ekarpen zientifikoa askotarikoa izan zen, saltsa askotan sartuta egon nintzelako. Batzuk argia ikusi zuten eta beste batzuk galdu ziren bidean. Tesiko garaietatik lotutako lan batean, behietan dauden birus-arrastoak hainbat hausnarkarietan nola banatzen diren aztertu genuen. Eboluzioaren adibide oso polita, oso gustura egin nuen lan bat izan zen. Horrekin lotuta, etxabereen gene-informazioan dauden birusen arrastoei buruzko laburpen bat egin genuen, gaiari testuinguru zabal eta egoki bat emateko. Gainera, arratoien gene-informazioan ere birusen arrastoak aztertu genituen. Garai honetako bigarren fasean, eskuragarri zeuden datuak birziklatuta eta begi berriekin aztertu genituen eta, horrela, gaixotasun zeliakoan eragina duten gene berriak aurkitu genituen. Lan hauen eraginari dagokiola denetarik dago: oharkabean pasa zirenak, oihartzuna izan zutenak edota oraindik aipuak dituzten lanak. Bai, arnas-luzeko lanak egitea ezaugarria dut, batzuetan asmatzen ez badut ere.

Bost urte arraro izan ziren, bere argiekin eta itzalekin. Ikasketa prozesu bat izan zen eta oinarriak jarri zituen ikerkuntza eta akademia nola ikusten nituen ezartzeko eta horretan eragiteko. Eta filosofia horrekin hil arte jarraitu nuen, baina hori beste baterako utziko dugu.