Eguna iritsi da. Aste hauetan nire ikertzaile-bizitzaren lau fase nagusiak laburbildu ditut (hastapenak,Bartzelonako garaiak, itzulera eta azken urteak) eta gaur azken lan-eguna dut ikertzaile gisa. Beti hor egon den zera hori (“honakoa azken kontratua da”) heldu da. Uste nuen bertigoa emango zidala, nostalgia izango nuela edo hutsune bat sentituko nuela. Baina, zera, onartuko dut: hil arte ikertzailea izango naiz. Izan lehen ofizio gisa, izan afizio kuttun gisa, ikertzailea izatea izaera bat da eta izaera hori nirea da.
Atzo egin nuen despedidea lagun artean eta gehien gustatzen zaidana egiten: alkandora hawaiiar batekin zientziari buruz hitz egiten. Hainbatetan egin bezala. Bihar oporrak hartuko ditut eta datorren hilabetetik aurrera beste ardura batzuetatik eragingo dut zientzian. Horrek nire burua berkokatzera eramango nau, egokitzera eta gauza berrietara moldatzea. Tira, tesi bat defendatu nuen eta 13 urtez ikerkuntzan biziraun dut, dinot nik gai izango naizela.
Abentura berriak nolakoak izango diren esperoan, eta oraindik bukatzeko gelditzen zaizkidan lan batzuk (denbora aurkituko dut horiek bukatzeko) hor daudela jakinda, egin dudan guztiarekin harro nagoela lasai esan dezaket. Ikertzaile puska bat izan naiz eta pertsona hobea. Bai, nire buruari esaten diot zeren hainbatetan kontrakoa sineztarazi didate edo gutxietsi egin zaidalako. Baina denborak arrazoia eman dit eta espero dut bildu dudan eskarmentu guzti hori baliagarria izatea ardura berrietan. Eta laster gauzatxoak kontatzen hastea, noski. Nostalgia eta tristura handiagoa izango nituela uste nuen, baina pozik, harro eta lasai nago. Ondo egindako lanaren ondorio, uzta oparo eta ondare ederra uztearen ondorio.
Hau izan da dena. A ze bidaia izan den, lagunok. Orain abentura berriz betetako bizitza liluragarri oso bat aurretik. Eskerrik asko bihotzez bidelagun izan zareten guztiei, badakit alboan izaten jarraituko duzuela.
Besarkada handi bana,
K