Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Bakterioak minbiziak diagnostikatzeko. Edo ez.

Science aldizkariko berrien atalean istorio bat argitaratu dute zientzia-saltseorako abagunea ematen diguna. Eta saltseoaren oso zalea naizenez (zientifikoa nahiz edozein motakoa), hona nator horri buruz idaztera. Prestatu krispetak, marianitoak edo udan hartzen duzuen pozoia.

2020. urtean Nature aldizkarian argitaratu zuten lan bat non esaten zuten odol eta ehunen laginetan detektatzen diren mikrobioak erabilgarriak zirela minbiziak diagnostikatzeko. Lan horrek oihartzun handia izan zuen sare sozialetan eta zita asko jaso ditu (zera, lan askok emaitza horiek oinarri bezala hartu dituztela) baina zalantzak piztu dira. Berrikusi aurretiko lan batek datuak berraztertu ditu eta hainbat akats aurkitu ditu. Ohartxo bat: berrikusi aurretiko lanen emaitzak behin behinekoak dira, beste aditu batzuen azterketa behar dutenak. Baina hain justu gauza hauetarako martxan jarri zen berrikusi aurretiko lanak argitaratzea: emaitzei buruzko eztabaida sustatzeko eta kontrastea egiteko.

Zeintzuk dira aurkitu dituzten arazoak? Batetik, aztertu zituzten sekuentziak ez zituzten ondo iragazi eta giza sekuentzia asko mikrobio bezala sailkatu zituzten, batzuetan emaitza harrigarriekin (algetako edo koraletako bakterioak detektatu zituzten, adibidez). Bestetik, minbizien espezifikoak ziren patroiak aurkitzerako orduan erabilitako datuetan akats bat egon liteke eta horrek emaitzak fidagarriak ez izatea.

Aurretik jatorrizko artikuluak beste kritikak batzuk jaso zituen eta egileek kritika horiek erantzun zituzten. Kritika berri hauek ez dutela ezer berririk ekartzen diote jatorrizko artikuluaren egileek eta bere buruak defendatzen dute esanez 2022an argitaratu zuten lan batean emaitza berdintsuetara heldu direla. Agian, eskatu dituzten patenteek eta sortu dituzten enpresek zerikusia izan dezakete beren lanaren defentsa sutsuan.

glass blur bubble health
Photo by Edward Jenner on Pexels.com

Nork du arrazoia? Auskalo, zeren gaia dirudiena baino korapilatsuagoa da eta metodologikoki mugatua da. Zeren, norbait ezagutzen al dugu bakterioak eta minbizia ikertu al dituenak eta gai honi buruz idatzi duena? Bai, noski, zuen ikertzaile ohirik gogokoena!

Nire lehen harrikada. Erabili dituzten datuak TCGA egitasmoan sortutakoak dira. Minbizi mota askotan hainbat gene-geruza aztertu zituzten bertan eta eskuragarri jarri. Berez, datu horietan ez ziren espezifikoki mikrobioak aztertu, ez, behintzat, mikrobioak aztertzeko erabiltzen diren teknikak erabilita. Egin zutena izan zen gizaki-sekuentziak hartu eta bilatu ea mikrobioen sekuentziak aurkitu zitezkeen. Horretarako, lehenengo giza-sekuentziak iragazten dira, gelditzen diren sekuentziak mikrobioen sekuentziekin konparatzen dira eta zerbait detektatzen ote den ikusten da. Arazoa zein da? Erreferentzia bezala erabiltzen diren datu-baseak osatugabeak direla edota bertan dauden sekuentziak txarto identifikatuta egon daitezkeela. Gainera, kasu honetan ez da ideia oso eraginkorra beste gauza baterako pentsatuak dauden datuak hartzea, sekuentzia guztien ehuneko oso txikia izango baitira mikrobio-jatorria dutenak. 

Nire bigarren harrikada. Mikrobiota egoera normalean oso aldakorra da eta, esan bezala, erreferentziazko datu-baseak mugatuak dira, eskuzabala izanda. Bai, jakin badakigu minbizietan mikrobiota aldatzen dela (kausa edo efektua den, hori beste sarrera baterako ematen du) baina, esan bezala, egoera normalean oso aldakorra bada, nola ziurtatu dezakegu minbizian ez dela gauza bera gertatzen? Adibidez, momentu batean minbizi-bereizgarria den bakterioa agertzen bada eta beste batean ez bada detektagarria dena delakoagatik, ez litzateke faltsu negatibo bat gertatuko? Beste modu batera esanda, mikrobiota hain dinamikoa izanda, lehenengo ez litzateke ziurtatu behar bereizgarriak diren bakterio horiek beti detektatu daitezkeela inongo eredu diagnostikorik proposatu baino lehenago?

Nire hirugarren harrikada. Zientziaren onena eta txarrena ikusten dugu hemen, eta zergatik eztabaida zientifikoak ez diren idealizatuta ditugun eztabaida intelektual, arrazional eta eraikitzaileak. Saltseo guzti honetan ona dena zera da, ospetsua den aldizkari bateko lan bat modu kritikoan aztertu izan dela eta emaitzak komunitatearekin arin partekatu direla, dituen ondorioengatik. Emaitzak erreproduzitu ahal izatea eta arrazoinamenduaren eta metodologiaren zuzentasuna aztertzea berebizikoa da zientzian. Saltseo guzti honetan txarra dena zera da, jatorrizko lanen egileek ageriko arazoak kontuan hartu beharrean gutxiestea, eta aldizkari ospetsu horretako berrikuspen prozesuan arazo horiek detektatu ez izana. Jarrera hau ohikoa da zientzian, egin denaren defentsa absolutua, zientzia-balioen aurka badoaz ere. Horregatik, eztabaida zientifikoak egoen borroka desatseginak besterik ez dira. Tamalez.

Bai, bakterioekin lan egin izanak ikuspuntu nahiko eszeptikoa eman dit kontu guzti honetan. Beti tentuz hartzen ditut emaitza hauek eta egin ditudan argitalpenetan beti zalantza eta ahalera erabiltzen ditut horrexegatik. Baina ezin gaitezke harritu halako lanek gauza ziurrak esatea, benetako zalantzak plazaratu beharrean. Zeren Ana Galarragak gogoratu digun bezala, aldizkari ospetsuetan gero eta hitz handi gehiago erabiltzen dira eta gero eta zalantza gutxiago. Eta, noski, gertatzen da gertatzen dena.