Gene-informazioa eskuratzea gero eta errazagoa da. Hain da erraza, ezen gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dituztela hainbat konpainiak eskaintzen dituzten gene-zerbitzuak. Hala, bere jatorria jakin dezakete, senide urrunak aurkitu eta osasun-informazioa eskuratu. Gainera, erabiltzailearen eta konpainiaren arabera, gene-informazio hori ikerkuntzan erabili daiteke.
Ikerkuntzan erabiltzeko aukera hori baliatuta, hainbat gaixotasunei buruzko azterketa sakonak egin dira. Baina baita ere beste azterketa batzuetarako. Adibidez, orain dela gutxi esklaboak izandako pertsonen ondorengoak bilatu dituzte gene-zerbitzu hauetako erabiltzaileen artean. 1979. urtean, errepide bat egin behar zutela eta, Catoctin Furnancen (Maryland, AEB) hobi komun bat aurkitu zuten. Bertan, 1770. urtetik burdinola batean lan egin zuten hildako afro-amerikar esklaboen gorpuak eta biziak ahaztuta gelditu ziren. Orain dela hamarkada bat, Catoctin Furnancen lan egiten zuten esklaboen ondorengoak identifikatzen saiatu ziren baina esklaboei buruzko informazioa urria zen, objektuak bezala tratatzen baitziren, ez pertsona moduan. Orain, hobi komun hartatik berreskuratutako 27 gorputatik DNA eskuratu dute eta beraien ondorengoak bilatu dituzte gene-zerbitzu horien datuetan.
Guztira, gaur egungo 42.000 pertsonetan aurkitu dituzte 27 esklabo horien gene-arrastoak. Ondorengo horietako batzuk gertukoak dira eta beste batzuk urrunak, erabili duten teknika dela eta. Ziurrenik arbaso komun baten zantzuak izango dira horiek baina ikertzaileek uste dute 500 pertsona inguru esklabo horien gertukoak izan daitezkeela. 1850 urtetik aurrera Catoctin Furnancen zuriak lan egiten hasi ziren eta gutxi jakina da zer gertatu zen esklaboekin. Hala, analisi honi esker, ikusi dute 27 pertsona horien gertuko ondorengoak izan daitezkeenak batez ere bizi direla Maryland-en (bertan gelditu zirela, alegia) eta AEBtako hegoaldean (hau da, esklabuak saldu eta hara eraman zituztela). Baina ondorengo argienetako bat Kaliforniako hegoaldean bizi da. Hortaz, galdu diren istorio anitzak gertatu dira behin Catoctin Furnancen esklaboak izandako pertsonen ondorengoekin.
Hala ere, norbanako bakoitzari ez zaio informazio hau erraztu, auzi etikoak medio. Aurreko batean nahi gabeko gene-aurkikuntzei buruz jakiteaz aritu ginen. Kasu hau halako aurkikuntza bateko adibide berezia da. Edonola ere, gene-zerbitzu hau eskaintzen duen konpainia aztertzen dabil nola helarazi esklaboen ondorengo izatearen informazioa, argitasunez eta zehaztasunez. Zeren, afrikar-amerikarrentzat hori jakitea garrantzitsua da. Beren arbasoak esklabutza pairatu izana jakin nahi duten zerbait da, esklaboa izan zen arbaso bat aurkitzen duten bakoitzean esklabotzaren helburuak (pertsona horiei buruz ezer ez jakitea, adibidez) ezeztatzen baitira.Ez dakigu azkenean informazio hori eskuragarri izango duten. Baina gene-informazioaren inguruko auzi etikoei buruzko beste ikuspegi bat ematen digu. Kontuan izan beharko genukeena.