Nazio Batuek 1988. urtean azaroaren 11ko astea izendatu zuten “Zientziaren eta Bakearen Nazioarteko Astea”. Gainera, 2002 urtetik UNESCOk azaroaren 10an, etzi, Pakea eta Garapenaren aldeko Zientziaren Nazioarteko Eguna egiten du eta aurtengo gaia da “Zientzian konfiantza sortzen”. Aurrekoa dela eta, egunotan hainbat ekitaldi antolatzen dira zientzia gizarteratzeko, hori baita nazioarteko egun eta aste hauen helburua. Argi dago blog hau eta nire jarduna guzti horrekin bat egiten duela. Urte osoan zehar gizarteak zientzian duen konfiantza landuz.
Pilo bat poztu nau UNESCOk konfiantza hautatzea gai moduan, zientziak aurretik duen erronkarik handiena dela iruditzen zaidalako. Sentsatzioa daukat zientzia maite dugunon artean aspalditik (COVID19aren pandemian areagotu zena) gai honek asko kezkatzen gaituela. Horren harira, foro informalago edo formalagoetan gaiaz zuzenean edo ez-zuzenean aritu gara. Laida Arbizu Aguirrek Elhuyar Aldizkarian egin zuen lanketa negazionismoari buruz helduleku oso interesgarria da. Baita ere, Elhuyarrek eta UEUk #ElkarEkin hausnartu genuen egiostearen gizartean zientziaren balioek duten lekuari buruz; edo aurtengo UEUren Udako Ikastaroen hasiera ekitaldian herritarrak ikerkuntzan txertatzearen garrantziaz aritu ginen.
Iruditzen zait kezkatuta egoteko arrazoiak izan baditugula eta oso pertinentea dela zientziaren konfiantza sendotzea erdigunean jartzea. Ez da bakarrik kultura zientifiko eskasa dugula, baita ere zientziara hurbiltzeko ditugun moduak ez dutela asko laguntzen. Bizi dugun garaiek bultzatzen gaitu “Au-au” efektua bilatzera, berez, ezer txarrik ez duena. Arazoa da bakarrik efektu horretan gelditzea eta behin arreta eskuratzean edukiarekin ez gelditzea. Zeren zientzia zerbait bada, edukia (eta mardula) da. Goxo, gertu eta arin azaltzen saia gaitezke eta egiten dugu, baina ezin dugu ahaztu behar bere izaera mardula dela. Gainera, bada zientziara gerturatzen dena egi absolutu bat balitz bezala, zientziaren balioen aurka doana, bide batez. Jarrera horrek zientziafoboen diskurtsoak elikatzen ditu eta kaltegarriak dira. Gauza bat da diskurtso zientziafoboak borrokatu behar direla, beste bat da hori egitea zientziaren balioen aurka eginez.
Zientziatik ez dugu konfiantza behar bezala landu eta horrela onartu behar dugu. Gure zilborrei begira gelditzen gara gure zorigaitzekin eta inertzia okerrekin. Zientzia garrantzitsua dela uste dugu zientzia delako (edo guk egiten dugulako) baina ez gara arduratzen garrantzia hori gizarteratzeaz. Oso gutxi gara herriari gerturatzen garenok gizartearen konfiantza lortzeko. Egia da azken urteetan, hainbat arrazoiengatik, gizarteratze-lan hori gero eta gehiago egiten dela, baina ez da nahikoa ditugun erronkei aurre egiteko eta aurre hartzeko. Zientzia-erakundeen eta ikertzaileen partetik beste jarrera bat beharrezkoa da konfiantza hori lantzeko. Egia da badaudela erakunde eta pertsona batzuk hori errezten dutenak, baina oraindik ez da orokortu. Beldur naiz oraindik asko ez direla konturatu aurrean dugun arriskuaz eta mehatxuaz. Eta zeinen erreza den mezu zeintziafoboak hedatzea. Batetik, plaza publikoan ez gaudelako; bestetik, zientifikoki garatutako algoritmoek mezu zientziafoboak errazten dituztelako. Konfiantza da gakoa. Gertutasuna, apaltasuna eta zintzotasuna. Hori da bidea.
Orain ditudan ardurekin konfiantza hori lantzen jarraitu nahiko nuke, mugak muga. Inuxenteegia izango nintzateke sekulako aldaketa lortuko dudala pentsatuko banu. Baina hemendik eta handik gauzatxoak eginez, gizartearen konfiantza lantzearen garrantzia hedatzen saiatuko naiz. Eta maila pertsonalean, noski, urte hautean egindako lanarekin aurrera jarraituko dut. Nire konpromezua hori da. Espero dut zuek bidelagun izatea.
@koldotxu #Amen