Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Dibulgazioa ezinbestekoa izan zenekoaz

Orain dela lau urte Estatu Espainolean alarma-egoera ezarri zen COVID19aren pandemiari aurre egiteko. Egun hartan bertan, susmatuta egun oso gogorrak izango genituela aurretik, Edonolan egunero zientzia-pieza bat hasi nintzen. Inoiz egin dudan dibulgazio-ariketarik handiena, inoiz egin dugun dibulgazio-ariketa handienaren baitan.

Bai okerrena pasa zenean, bai denbora pasata, sentsazio nuen eta daukat lan oso ona egin genuela euskal dibulgazio-komunitatearen aldetik. Norberak bere estilotik, zuen ibilbidetik, jakinda non eta zer esan zezakeen, erantzukizun handiarekin (arduradun gehiegik izan ez zuten hori) dibulgazio-ariketa erraldoi bat egin genuen: gertatzen ari zena ulertzeko gakoak eman, ziurgabetasuna lehen lerroan jarri eta zuhurtziaren garrantzia azpimarratu. Uste dut ere oraindik ez diogula neurria hartu egin genionari eta modu pertsonalean jaso genuen esker ona eta aitormena, dimentsio handiago bat falta zaiola. Handia izan zen lortu genuen kapitala, baina ez nahiko handia erantzukizun gehiagorekin jokatzeko. Perspektiba eta pertzepzio falta horrek agertoki kezkagarri batera eraman gaitu.

Orain dela lau urte arrazionalismoari eta zaintzei aukera-lehio bat ireki zitzaien. Ez genuen jakin baliatzen eta, orain, gure agintariek lotsagabe esan dezakete guda ireki batera eramango gaituztela. Lau urte ostean horrela gaude, zaintzen eta zientzien kultura izan genezake, gudaren kultura izaten jarraitzen dugu. Eta erantzukizuna da arrazionalismoa eta kultura zientifikoa sendotzearen alde gaudenona. Inolako aitzakiarik gabe. Kanpo-faktoreak erabiltzea gure hanka sartzea ez onartzeko, ez da zintzoa eta zehatza. Lortu genuen kapitala xahutu genuen, bai helburuekin ez asmatzen, bai business as usual egiten. Tentuz behatzen bada, han eta hemen esoterismoa, pentsamendu magikoa eta zehaztasun gabezia ikus daitezke. Ez dut katastrofista izan nahi, baina sentsazioa daukat orain zientzien prestigioa orain dela lau urte baino ahulagoa dela. Badakit inkestek ez dutela babesten dudan sentsazio hau, oxala erratuta egotea baina uste dut zientziak garrantzitsuak direla esaten dugula baina gure egunerokoan ez diegula kasurik egiten. Kultura zientifikoaren atzerakada horrek harropuzkeriak, purrustadak eta irrazionalismoa erraztu ditu. Europan guda-agertoki batean jartzen ari gatzaizkigu, Trump presidente izan daiteke berriro edota ideia faxistak gero eta errotuagoak daude. Ez da kasualitatea horiek izatea zientziek ezarri dituzten gertaeren (klima-larrialdia, esaterako) kontra irmoen agertzen direnak. Arazo erraldoi bat dugu eta ez dugu ikusi nahi mikroskopio eta ordenagailuetatik gure begirada ez dugulako mugitu nahi.

Hala ere, kultura zientifikoa sustatzea besterik ez dugu. Paradoxa bat bada ere, modu ia irrazionalean hala sinesten dut. Lanean ditudan arduretatik horretara bideratzen nabil nire energia, asko egiteko badago ere. Inertziak aldarazteak energia asko behar badu ere, eta frustrazio handia sortzen badu ere, egin beharreko zerbait da. Eskuartean dugun erantzukizun soziala handiegia da txikikerietan ibiltzeko. Eta, maila pertsonaletik, zientziaren agitazio eta propagandari berriro ekitea. Gaur idazten nabilen gauza serioak buruan izanda, eta noizbehinka plazaratuta, dibulgazio pirata, ganberro eta probokatzaile horri berriro ekitea. Jatorrietara eta erroetara itzultzea, kafepintxo batekin zientziak periferien mesedetan jartzeko.

Ta Txerreni esaldi bat lapurtuko diot guzti hau laburtzeko:

Arrazoiaren ezkortasuna, gogoaren baikortasuna

Txerren Jaun Txit Gorena, tipo oso jakintsua, pertsona hobea

Iruditzen zait, bizi dugun momentuaren analisi hotza egiten badugu, baikortasunerako leku gutxi dugula: egi-osteak aurrera jarraitzen du, pentsamendu magikoak dena blaitu du (erakunde ustez arrazionalak barne eta batez ere) eta kakazteak dena azeleratu du. Era berean, ortzi-muga askoz ere desiragarriagoak, dibertigarriagoak eta bizitzea merezi dutenak irudikatu, proposatu eta gauzatu behar ditugu. Kutxa mugatu batean sartu nahi gaituzte, kutxatik kanpo dagoen eremu infinituan amestu behar dugu. Ametsen alde borrokatzeko prest?

2 Comments on “Dibulgazioa ezinbestekoa izan zenekoaz

Comments are closed.