Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Sare sozialak zientzia komunikatzeko baliagarriak al dira?

Dibulgazio ikastaroak eman izan ditudanean (Kaixo Josu! Kaixo Uxune! 😊😊😊) sare sozialen atala lantzeaz arduratu izan naiz. Agian jendeak nire dibulgazio-lana sare sozialetan ezagutu duelako, Twitter zen horretan batez ere, eta dibulgazioa egiteko sare sozialen erabilera egokiarekin lotzen zaidalako. Baina, tailer horietan “sare sozialak dibulgatzeko balio al dute?” galdetzen nuenean, parte hartzaileen iritzia entzun ostean, “ez” erantzuten nuen.

Sare sozialek ez dute dibulgaziorako balio, ez bada sare sozialen filosofia urratu gabe edo dibulgazioaren printzipioak urratu gabe. Zientzia ezin daiteke 140 karakteretan azaldu edo hogeita hamar segundotan. Eta ez du zertan horrela izan behar, ez da ezer gertatzen kontsumo arineko zeozer ez izateagatik. Energia asko behar da zientzia transmititzeko, bai  igorlearentzat eta, batez ere, hartzailearentzat. 

“Baina twitterren eta tiktoken dibulgazioa egiten da”. Tira, ideia edo kontzeptu batzuk arin azaltzen dira. Baina zientzia ezagumendu baten (“hau horrela da”) transmisioa baino gehiago da: ezagumendu hori sortzeko zegoen hutsunea, hutsune hori betetzeko egindako galderak, galdera horiek egin eta erantzuten saiatu ziren pertsonak, ondorioak lortzeko prozesua, erantzun horien mugak,… “hau horrela da” modu liluragarri batean transmititzea (Matrixen ezagumendua garunean kargatzen duten bezala) nekez izan daiteke zientzia (ezagumendu horren lorpenaren prozesu guztia galtzen baita) eta, halabeharrez, dibulgazioa. 

selective focus photography of person using iphone x
Photo by Kerde Severin on Pexels.com

“Baina badira sakonak diren hariak twitterren edo hainbat instagrameko reels gauzak kontatzen”. Bai, baina horrek ez du bat egiten sare sozialen filosofiarekin. Hari luze bat idatzi behar baduzu… ERABILI BLOGA eta gero sare sozialetan zabaldu “ea, hau idatzi dut honi buruz”. Facebook-ek hasieran karaktere muga zuen eta handitu zuen. Gero testua aberasteko aukera jarri. Jende askok ironikoki esan zuen blogak berasmatu zutela. Twitterrek karaktere muga bikoiztu zuen, hariak egitea erraztu, naziak erosi zuenetik karaktereen muga handitu du (gehiago ordainduta). Blogak berrasmatzen dabiltza. Bideo segida bat egin behar baduzu zerbait ondo kontatzeko, agian medio hori ez da egokiena egiten zabiltzana egiteko. Sare sozialen izpirituari traizioa egin behar zaio. Ez zare sozialak ez dira dibulgazioa egiteko. Dibulgazioa horretarako egokia den plataforma batean egiten duzu eta sare sozialak erabiltzen dituzu horren berri emateko. Edukiak zuk kontrolatzen duzun plataforman sortzen dituzu; sareetan zure edukien agitazio eta propaganda. Helburua ezin daiteke izan edukia sortzea zuk kontrolatzen ez duzun plataforma baterako, bere filosofia eta edukia ez baitago zure eskutan. Ondo hautatu behar da esfortzuak non, nola eta zertarako egiten dituzun.

Beti onartu dut sareetan ez dudala dibulgazioa egin, zientziaren agitazio eta propaganda baizik. Markoak eta jardueren helburuak eta irisgarritasuna argi izan ditut beti. Dibulgazioa hori baimentzen duen formatuetan (blogetan, irratian edo hitzaldi luzeetan) egiten dut; gainontzeko formatuetan (sare sozialetan, hitzaldi laburretan edo telebistan), zientziaren agitazio eta propaganda. Dibulgazioak testuingurua eta patxada behar ditu ezagutzaren transmisio egokia egiteko. Zientziaren agitazio eta propagandarekin, aldiz, jakinmina xaxatzen dut hartzaileak dibulgazio-produktu bat kontsumi dezan edo, behintzat, jabetzeko kontatu diodan informazio-pieza horren atzean kontatutakoa baino gehiago dagoela. Eduki originala beti nik kontrolatzen dudan edo konfiantza dudan lekuetan. Besteetan, horietara bideratzeko jakinmina piztea.

top view of a table with man holding a cup of latte with a magazine camera cellphone and other personal effects
Photo by Drew Williams on Pexels.com

Gainera, egun egoera bestelakoa dela iruditzen zait eta hautuez jakitunagoak izan behar dugula. Orain sareetan dibulgatzen edo agitprop egiten hasi beharko banintz, ez nuke egingo. Izan ere, azkenaldian ez dut egiten. Ez da bakarrik sare sozial nagusiak kakazte prozesuan guztiz sartuta daudela, baita ere kakazte hori azeleratzeko konfrontazioa eta naziak elikatzen dituztela. Gaur egun sare sozialen algoritmoak zientifikoki diseinatuta daude zientziaren kontrako balioak elikatzeko. Marko eta logika bat sortzen dute kultura zientifikoa kaltetzen dutenak. Tragikoki, zientzia erabiltzen dute antizientzia elikatzeko. Zentzua al dauka sare sozial horietan parte hartzea (=legitimatzea) gure balioen eta gure aurkako jarrerak elikatzen duten plataformak badira?

“Eske jendea hor dago”, “ez bagaude gu, jendeak ez du gure mezua jasotzeko aukerarik izango”. Uler nezake plataforma neutroa balitz. Baina plataforma pentsatuta dago mezu jakin batzuk zabaltzeko eta beste batzuk mugatzeko. Eta mugatzen dituzten horiek zabaltzekotan, kontrakoa bortizki defendatzen dutenek jasoko dute, zure aurka egin dezaten. Halako sareak erabili nahi ditugu? Marko hori elikatu eta balekotzat jo nahi al dugu? Taberna bat nazi batek erosten badu eta naziz betetzen bada, zer egin behar da? Jarraitu joaten jendeak hara joaten jarraitzen duelako? Edo nazi batek erosi ezin dezakeen txosna bat antolatu? Logika kapitalistatik ateratzea izan ohi da erantzuna.

Eztabaida hau sare sozialak baino zaharragoa da. Egoera honek asko gogora arazten dit bere garaian (eta oraindik) zegoen/dagoen zalantza: ea eboluzionistak kreazionistekin eztabaidatu behar duten. Argi dago plaza publikoan azaldu behar dela eboluzioa, kreazionistek plaza har ez dezaten. Baina merezi al du plaza trukatuta badago? Adibidez, kreazionistak antolatzen ziren eztabaida bateko publiko gehiena izateko eta, horrela, gainontzekoek pentsatzea hori zela pentsamendu orokortua. Halako eztabaidetan agertzea, kreazionistak legitimatzen dira zientziaren pare jartzen direlako eta, gainera, irabazten dute, txalo gehienak beraientzat baitira. Gainera, horrek arrastoa uzten du zientziaren aldean, besteen moduez kutsatzen baitira. Hori da besteen markoak erostea duen arriskua, bidean zeu aldatzea. Tira, eztabaida zientifikoak1 ez dira inoiz onbidezkoak izan, baina sasoi eta garai bakoitzaren giroa eta markoak barneratzeak, ez du ezertan lagundu.

Zer egin testuinguru honetan? Ba ez daukat argi. Urteak daramatzat esaten zientzia leku guztietan zabaldu behar dela baina ez edozein preziotan. Zientziaren balioen aurkakoak badira plataformak, dibulgazioa posiblea al da? Agian zoom-a ireki behar da eta plataforma horietan ez egin gai honen edo bestearen dibulgazioa soilik, zientziaren eta bere balioen agitpropa gehitzea. Eta beharrezkoa bada, bateekin egitea.

Ez da afera erraza. Eta ez dio bakarrik zientziari edo dibulgazioari eragiten. Sareek gure jarrerak eta egiteko moduan baldintzatzen dituzte ez bakarrik sareetan. Zerbait egin behar dugu honen aurrean, berandu baino lehen. Honi buruz hausnartzeko eta neurriak hartzeko, kafepintxora nik gonbidatzen dut.

  1. Zientzian lan egiten dutenak dira kultura zientifikoa gutxien praktikatzen dutenak, baina hori beste eztabaida luze bat da. ↩︎