Gaur 14 urte betetzen dira tesia irakurri nuenetik. Dibulgazio-garai oparoetan egun honek denboraldi-bukaera ematen zion, baina aspaldi ez dela horrela 😅. Edonola ere, egun honetan gogoetarako erabili izan dudanez, ba hori behintzat aurten bai egingo dudala. Bide batez, hau argitaratzen denean, tesi baten epai-mahaian izango naiz. Bartzelonan. Kasualitatea? Ez dut uste.
2019ko azaroan, Jakinduriek mundua erreko dau (Bertsozientzia) saioan, despedidean esan nuen zientzia eta kultura kontsumitu behar digula zetozen garai ilunei aurre egiteko. Ez diot superarina naizela adierazteko, kontrakoa baizik: ni bezalako despistatu batek argi ikusten bazuen, arraroa egiten zitzaidan jendea kezkatuagoa ez egotea. Pandemiak pausa eman zion prezesuari, baina baldintzak sortu bizkortzeko. Ta hemen gaude, antiarrazionalismo oldarraldi batean. Ebidentziek berdin diote, kontsentsuek berdin diote, eztabaidak gezurretan eta isurietan oinarritzen dira. Faxismoak hori du: dena uzkuertzen eta kakazten duela. Ta zaila da prosomen eraginkorrak egitea.
Egungo testuinguruak ez dio mesederik egiten komunikazio eraginkorrari. Estrategia aldatu behar da eta komunitatearen lanaren ondorioa izan behar da
Ni oso inspiratua
Nire ideia hori Zientzia Kaierak nabarmendu zuen “Genero eta Komunikazio Zientifikoa” jardunaldian egin nuen hitzaldiaren harira. Zerbait hain borobila esateaz lehen harritua ni naiz, ez dizuet ukatuko. Baina koxka hor dago, ezta? Ez gabiltza modu eraginkorrean zientzia komunikatzen eta espazio hori gezurrak hartu du. Zientziaren erantzukizun sozialaz eta, ondorioz, zientzian jarduten dugunon betebeharrez nire iritzia aspaldi ezaguna da. Askotan idatzi dut horretaz eta ezin daiteke izan nire proposamenak eta ikuspuntua argiak ez direnik. Ez gabiltza asmatzen, ez, baina asmatu izan dugu ere. Zeren asmatzeko gakoak hor daude.
Hala ere, hau ez da “kasu egin izan bazenidate…” handiuste bat; edo “eske dena gaizki” bat. Ez. Ze gauza asko ondo egin ditugu, baina ez da nahikoa izan. Eta ez, ez naiz arazotara eta negarrera mugatuko, proposamenak egitera etorri naiz:
- Elkarrekin solastea. Egoerari aurre egiteko irtenbidea komunitarioa izango da, ala ez da izango. Zientzia zabaltzen duen komunitate zabal, anitz eta askotarikoa. Zientzian lan egiten dutenak edo ez.
- Sinistea zientziaren erantzukizun sozialean. Hau ez da moda bat, Europatik datorren moda bat edo “check” egiteko ataza bat. Edo dibulgazioan sinisten duzu edo dibulgazioan sinisten duzu. Horrel suposatzen guztiarekin. Bestela, albo batera egin eta ez oztopatu. Protagonista ez da dibulgatzailea, jasotzaileak baizik.
- Edukia ikuskizunaren gainetik jartzea. Eduki dibulgatiboa kontsumitzen duena ez bada ideiarekin gelditzen, ez da eraginkorra izan egindakoa. Medio guztiek ez dute zertan egokiak izan zientzia dibulgatzeko, baina moldapenak egin daitezke horretan laguntzeko, mugez jakitun izanda.
- Ta garrantzitsuena: zientziak ez du zertan masa-gertaera bat izan behar, burua eta arima elikatzeko baizik.
Ta blog honetan zuenak elikatzen urteak daramatzat. Kafepintxo batekin ospatuko dugu?