Faxistek hautak harrotu dituzte Imane Khelif boxeolari aljeriar emakumea Joko Olinpikoetan parte hartzeagatik. Arrazoia transfobia izan da, Imane zis emakumea bada ere. Faxismoaren ohiko prozedura erabilita (gezurrak, susmoak eta beldurra) polemika elikatu dute, Imane emakumea denik zalantzan jarriz. Probarik ez, bakarrik “nahiko emakumea” ez dirudiela eta oinarririk gabeko amen-omena XY zelaren inguruan. Bakoitzak bere obsesioak ateraz, hau da, transfobia, aporofobia eta kolonialismoa, emakume hau kanporatzea galdegin dute zer, eta biologiaren izenean. Eta ez. Faxistek alkandora hawaiiarrak beren zabor faxistentzat lapurtzeari ukatu nuen bezala, biologia lapur ez dezaten zerbait pertsonala da.
Ez dakigu Khelif XX den edo XY intersexa. Eta berdin dio, auzi hau beste koordenada batzuetan kokatu behar baita.
Lehenik, sexu biologikoa nola zehazten den ez jakitea (edo jakin nahi ez izatea). Enbrioia eme izateko bideratuta dago, ez bada SRY gene aktibatzen. Gene hori martxan jartzen denean ar izateko bidea hartzen du. Gene hori Y kromosoman kokatuta dago eta horregatik, oro har, Y kromosoma izanda arra bilakatzen zara. Baina SRY genea ez da sexuaren garapenean parte hartzen duen gene bakarra. Hiru dozena inguru sindrome daude intersex bezala sailkatuta eta horietako batzuk ez dira agerikoak bestelako probak egin arte. Bizitzan ezer ez da sinplea.
Bigarrenik, determinismo genetikoa. Nahikoa da determinismoaz, ze nagitasuna, benetan. Blog honetan determinismo genetikoaren aurka gaude. Beti. Zera, gene-informazio jakin batekin jaiotzeak gauza batzuk zehazten ditu baina ez du zure bizitza determinatzen, hor beste hainbat faktore daude. Faktore sozial eta kulturalak ez badira kontuan hartzen, gure espeziari buruzko analisiak hankamotz gelditzen dira.
Hirugarrenik, aldakortasun genetikoa/biologikoa. Ana Galarragak (aspaldi) azaldu zuen bezala, ez du zentzurik benetako emakume terminoa, emakumeen ia %5 gizonek dituzten testosterona mailak baitituzte. Ditugun ezaugarri biologiko guztiak aldakorrak dira, gauza bat da zein da baliorik ohikoena eta beste gauza bat balioek duten heina. Muturreko balioak gutxiagotan ager daitezke bai, baina egon badaude.
Laugarrenik, kirolari hauek ez dira normalak. Joku Olinpikoetara ez da edonor heltzen, gaitasun eta dohain batzuk beharrezkoak dira. Horietako batzuk genetikoak, beste batzuk kulturalak (baliabideak, teknologia eta bizimodua). Altuera, muskulatura, indarra, balio biokimikoak,… ohikoak direnetik aldentzen dira, zeren egin behar dutena ez da batere ohikoa. “Citius, Altius, Fortius” (arinago, altuago, indartsuago) da olinpismoaren lema, mugak bultzatu behar direla. Eta mugak ez dira bultzatzen kanonikotasunetik, dena delakoa izanda kanon horiek nola ezartzen diren.
Bosgarrenik, erreakzioan bizi gara. Faxistak oso ondo moldatzen dira molde horretan. 280 karakteretan botatako sloganak, pentsatzeko eta arrazoitzeko denborarik gabe. Horregatik polemika guzti honen ingurukoak blogean idatzi ditut, patxadaz eta distantzian, behar zuen hausnarketa behar bezala egiteko. Hala, horrelako zerbait berriro gertatzen denean (gertatuko baita), aurre egiteko argudioak prest izango ditugu, hoztasunean landutakoak.
Azkenik, utzi bakean biologia. Historian zehar, biologia eta genetika erabili dira obsesio faxistak hauspotzeko eta kutsu zientifiko bat emateko. Larrutik ordaindu dugu eta ordaintzen jarraitzen dugu akats hori berriro errepikatzeko. Emakume bat jazarri nahi badute ez delako bere kanonetan sartzen eta horrekin polemika nazkagarri bat sortu, ez dezatela zientzia erabili. Guda kultural hau ezin dezakegu galdu, gehiegi dugu jokoan denok.
@koldotxu #amen
@koldotxu@www.edonola.net herenegun idatzi nuen honek 100 bisitatik gora izan ditu (Edonolan 10 bisita arrakasta da), erdia twiterretik. Lehen, arduratuta egongo nintzateke, zer esaten ari zen kezkatuko ninduke. (Ez da beharrezkoa inork esatea zer gertatzen ari den ).
Orain :koldotxu: bat hartzen dut, kezkarik gabe. Sare sozialek sortzen duten antsietatea oso kaltegarria da.