Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

COVID19-aren txertoak 1,6 milioi pertsonaren bizitzak salbatu ditu Europan

Munduko Osasun Erakundeko Europako atalak aztertu egin du zenbat bizitza salbatu diren Europan COVID19aren txertori esker. Horretarako 2020ko Abendutik 2023ko Martxora arteko datuak aztertu dituzte eta ondorioztatu dute COVID19aren txertoek hilkortasuna ia %60 jaitsi zutela eta, ondorioz, 1,6 milioi bizitza salbatu direla. Pertsona nagusiek lehenengo errefortzuak jasotzean eta Omicron garaian salbatu ziren bizitza gehien. Horrek azpimarratzen du zein garrantzitsua den arrisku handien duten pertsonek txertoak egunean izatea.

Askotan irakurriko zenidaten zientzietan gauzak azaltzea ez dela sinplea, testuingurua eman behar dela eta komunikatiboki beste molde batzuk behar dituela. Horrek egungo testuinguruan zailtasunak sortzen ditu baina jokoan gehiegi dugunez, zientzia modu eraginkorrean komunikatu behar dugula. Berri hau brutala da zentzu horretan. Komunikatzen oso erraza da, mezua oso zuzena da eta marko oso inspiratzailea sortzen du: zientzia erantzukizunez egiten dugunean, bere dimentsio guztiak kontuan hartuta, eta politika kolektiboak, publikoak eta elkartasunezkoak martxan jartzen ditugunean, bizitzen hobekuntza ikusten dugu. Berriro ere: hil egingo ziren 10 pertsonetatik 6 bizirik daude ziztada ziztrin batengatik. Ia denok hartu genuelako denon onurako izango zelakoan, zientzian konfiantza izan genuelako, 1,6 milioi pertsona bizirik daude Europa mailan. Ze mezu hain potentea.

person holding syringe
Photo by cottonbro studio on Pexels.com

Hala ere, berria besterik gabe pasa da. Ez ditu komunikabideen lerroburuak hartu, ez ditu albistegia ireki eta ez da sakontasunez gaia aztertu. Hori uda dela eta erredakzioek berriak behar dituztela. Berri honek egun osoa salbatuko luke eta mezu pozgarri, aberasgarri eta lasaigarri bat: bikain egin genuen gizarte bezala. Kasualitatez ikusi dut berria eta, nola ez, berehala Mastodonen zabaldu. Eta harrera oso ona izan du ze… berria oso potentea da eta ziur naiz gehienok halako berriak irakurri nahi ditugula. Arrakasta kolektibo bat izan da eta ospatu beharko genuke. Gainera, kontuan izanda, negazionistak beren matrakarekin jarraitzen dutela. Baina gauzak horrela daude.

Nahiko kuriosoa izan da berri honen garapena. Munduko Osasun Erakundeko Europako atalak berria bere webgunean abuztuaren 2an zabaldu zuen (zientzia-artikulua, berez, atzo arte argitaratu ez bazen ere) eta estatu espainolean Europa Press agentziaren bidez zabaldu zen atzo arratsaldean. Osagai guzti horiek izanda, irismen hain mugatua izatea oso harrigarria izan liteke, baina, tamalez, hemen gaude eta zientzia-berri batek irismenik ez izatea ez gaitu harritzen. Berri hain potente bat berriak errez sar daitezkeen garai batean ez bada sartzen, zaila izango dugu zientzia-berri xumeagoak urtean zehar zabaltzen. 

macro photo of five orange ants
Photo by Poranimm Athithawatthee on Pexels.com

Inurri-lana egiten jarraituko dugu kultura zientifikoa gizartean zabaltzen eta, ondorioz, zientzia agendan sartzen. Bitartean, ospatu dezagun berri bikain hau: zientziak erantzukizunez jokatzen duenean eta gizarteak bere babesa ematen dionean bizitza hobeagoak bizitzeko aukera dugu. A ze mezu puska, ebidentzietan oinarrituta.