Ikasturte hasieran, lankideei aurkeztu nienean dibulgazioan eta prestakuntzan aurretik genuena, azaldu nien kezkatuta nengoela. Kezkatuta, hor kanpoan, hainbat guda kultural daudelako eta zientzia galtzen doalako. Eta esan nien ere, egiten dudana egiten dudala etsi egiten ez dudalako. Jakitun naizela umoretsua, adarjotzailea eta pixka bat marmartia izatea arriskutsua izan daitekela, ni serio ez hartzeko arriskua dagoelako, baina iruditzen zaidala aukera humanoa zientzia izan behar duela. Egoera oso serioa delako.
Hainbat bidez eta niretzat erreferenteak diren pertsonekin partekatu dut kezka hau. Eta azken astean nire kezka jada ezinegona bilakatu da. Batetik, Valentzian gertatutako hondamendia, klima-larrialdiak agenda hartu beharrean, klima-negazionisten, gezurtien eta amen-omenen festibal bat bilakatu da. Besterik, Trump-en garaipena errealitatearen ukazioan, gezurretan eta diskurtso nazietan oinarritu da. Hemen gaude, zientziafobia, antiarrazionalismo eta deshumanizazio tsunami bete-betean.
Zientzian joeran dago politikan “ez sartzera”, gizarte baten koordenatu eta parametro politikoek zientzian eragina ez balute bezala. Neutraltasuna aitzakia hartuta, gauza oso garrantzitsu eta ulergaitzak egiten ditugularen autokonplazientzian murgilduta, eta dibulgazioa hobby batera mugatua, egoera honetara heldu gara. Inoiz baino garapen zientifiko handien dugun garaian, jendeak ez du ezagutzen bere egunerokotasunean dagoen zientzia, azaldu ez diegulako. Konformatu gara eskoletan ematen den sasitransmisio formalarekin eta hemen gaude: metodo zientifikoa arrotza egiten zaion gizarte batean. Gure ofizioaren eta zaletasunaren oinarriak higatuta dauden gizarte batean. Horrek gezurrak zabaltzea eta errealitate partekatuak nahi ez izatera eraman gaitu. Eta neutralak izateagatik garesti ordainduko dugu. Nature ahaltsuak ohartzen zuen Europako ultraeskuineko gobernuek ikerkuntzan murrizketak egingo dituztela. Trumpek esan zuen, agian esan dituen egi bakanetakoa, Kennedytar negazia jarriko zuela Osasun sailaren parekoa den departamentuan, osasun-ikerkuntzan berebizikoak diren CDC, FDA edo NIH agentziak arriskuan jarriz. Ultraeskuina zientziaren aurka? Ezin zen jakin.
Puntu honetara helduta, sentsazioa daukat zerbait egin behar dela, dudala. Ez dakit erreferenteak ditudan lagunak hartu, kaka eman, ea kultura zientifikoaren aldeko manifestu bat egiten dugun. Edo bazkide edota kolaboratzaile naizen erakundeei eskatu agiri bateratu bat egin dezaten. Edo denok guztiok. Baina agenda publikoan kultura zientifikoarekin dugun arazoa jarri behar dugu. Orain arte egin dugun dibulgazio-lana aitortuta, onartzea ez dela nahikoa. Egiten dugun dibulgazio “zuria” egokia eta beharrezkoa zen orain dela hamar urte, orain dela bost urte asmatu genuen, baina azken hiruzpalau urteetan ez dugu jakin egoera aztertzen. Agian ez nuke horrela esan behar, lagunen bat haserretuko zaidalako. Ez dakit, dudan ezinegonak gordin hitz egitera narama.
Hala ere, dakidana da zientziarik gabe ez naizela. Munduan nire burua kokatzeko erabiltzen ditudan betaurrekoak dira, nire oinarria, distortsioak sortzen dituela jakitun banaiz ere. Ez da perfektua eta, okerrena, ikerkuntza-sistema eta berau gogoz martxan mantentzen dutenak dira zientziaren balioak gutxien praktikatzen dituztenak. Askotan hitz egiten dugu gizartearen kultura zientifikoaz, baina akademia-ikerketa-munduan, ez dakit nik… Edonola ere, iruditzen zait momentuz sortu dugun lanabesik egokiena dela errealitea ulertzeko eta, horrela, gure arazoei eta beharrei aurre egiteko, eta gure desioei bide emateko. Munduan jakinminarekin eta jakinmin hori asetzeko metodo-sorta batekin kokatzen naiz, zoriaren eta ziurgabetasunarekin dantzan. Horiek ukatzen dituen gizarte batean ez naiz, ez dut lekurik. Eta, iruditzen zait, halako gizarte bat ez-gizarte bat dela, ez gara, kontsentsu minimo batzuk bilatzera uko egin dion norbanako-sasitaldetara murrizten dela egitura soziala, beste taldeak deshumanizatzen dituena.
Guzti hau bota dut metroan eta autobusean mobilean idazten. Jakin badakidalako egunerokotasunean tarterik ez dudala izango. Agian hori ere arazoaren zati handi bat da ere. Patxadarik gabe ez dago pentsatzerik, pentsatzerik gabe ez dago zientziarik. Kafepintxo baten inguruan erabakiak hartzen ditugu?