Fedibertsoak eta zientziak elkar maite beharko lukete

Bihar, Urtarrilak 20, Trumpen garaipena eta faxismoaren zabalkundea erraztu duten plataforma toxikoak uzteko edo, behintzat, leku atseginagotara joateko, deialdia dago. Besteak beste, gurean, estatuko beste herriekin batera, Goazen Lagunok ekimena martxan dago, fedibertsora etortzeko.

Ezagutzen banauzue edo irakurriko zenidaten bezala, azken boladan oso interesatuta nago balioak erreproduzitzeko erabiltzen ditugun kanalak balio horiekin bateragarriak ote diren. Balio toxikoak erreproduzitu nahi dutenak plataforma toxikoak erabiltzeak eta sustatzeak zentzu guztia du, baina patxada, arrazionalismoa edo kooperazioa sustatu nahi dituenentzat plataforma toxikoak erabiltzea, ez dakit Rick. Zeren erabiltzen dugun kanalak markoa eta gure mentalitatea baldintzatzen baditu (beno, Lakoffek hau hobeto azaltzen du, baina ni bezalako ezjakin batentzat hori ulertzearekin nahikoa dut 😊), zergatik erabili zabaldu nahi dituzun balioak oztopatzen dituzten plataformak? Zeren plataforma horiek diseinatuta daude balio batzuk errazteko eta beste batzuk oztopatzeko.

Nire ustez, zientzia zabaltzeko kanalik honena Fedibertsoa da, Fedibertsoaren filosofia baita zientziaren balio zintzoekin hoberen uztartzen dena. Ez naiz hemen sartuko egungo ikerketa sistemaren inplementazioa zientziaren balioekin duen harremanaz, baina Ana Galarragari nire iritzia laburtu nion ia titular bilakatzen den esaldian, “Ikerketa-sistemak bahituta dauka zientzia”. Horrek ere azalduko luke zergatik erakunde akademiko askoren erresistentzia plataforma toxikoak uzteari eta fedibertsoa besarkatzeari. Solastea, ikuspuntuak partekatzea, patxada, arrazionalismoa, iritzi irmorik ez izatea, zalantza, kooperazioa, ulertzea, begirunea, zehaztasuna, apaltasuna, zintzotasuna, argitasuna,… dira balio zentralak zientzian, edo zientzia ulertzen dudan moduan. Eta Fedibertsoa balio horiekin oso ondo uztartzen dela iruditzen zait, zeren horietako asko Fedibertsoaren muinean daude. Egia da, Fedibertsoan zerbitzu toxikoak sortu daitezkeela, baina gainontzeko Fedibertsoak posible du horiei bizkarra ematea eta blokeatzea. Ez beste plataformetan bezala, bai ala bai, toxikotasuna irentsi behar dela. Izan ere, beste plataforma toxiko horiek uztea eta Fedibertsoak duen dinamikan sartzeak, arestian aipatu ditudan gauza asko ikustea eta ulertzea ahalbidetu dit. Askotan esaten da Fedibertsoan ez dela ezer gertatzen eta, nire ustez, kontrakoa da: plataforma toxikoetan gauza gehiegi gertatzen zirela geu bahituta mantentzeko.

Aurreko guztia dela eta, nire jardun pertsonala Fedibertsoan egiten hasi nintzen gero eta gehiago, beste plataformak alde batera utzita. Beste plataforma pribatu horiek bakarrik lanerako erabiltzen ditut eta, benetan, gero eta argiagoa daukat aldartea bera aldatzen zaidala, bata edo bestea erabiltzean. Nire kasuan, Mastodon.eus txokoan aurki nazakezu @koldotxu bezala. Baina Euskal Fedibertsoa zabalagoa da eta bakoitzak bere beharren eta nahien arabera plataforma batean, bestean edo gehiagotan parte har dezake… eta konektatu gaitezke! Zeren hori da Fedibertsoak duen gauza bikaina: ez duzula zertan kontu bat izan behar zerbitzu bakoitzean jendea jarraitzeko, zerbitzu guztiak elkarrekin komunikatzen baitira. Esan bezala, nik mastodon.eus-en hautatu nuen mikrobloggingarekin eroso sentitzen naizelako eta nire erabilera nagusia hori delako. Baina beste pertsona bati interesatzen zaiona argazkiak partekatzea bada, pixelfed.eus du, eta bere argazkiak nire mastodon.eus kontutik jarrai ditzaket eta berak nire harrikadak bere pixelfed kontutik. Hori pentsaezina da Twitter eta Instagram artean.

Sarreran “fedibertsora etortzeko” idatzi dut zeren, blog hau, fedibertsoan dago ere. Hasieran, Edonolan argitaratzen nuena nire Mastodoneko kontuan automatikoki argitaratzen zen, Twitterren egiten nuen bezala. Aurrerago, blog bat fedibertsoko txoko bat bilakatzeko modua garatu zen. Pentsatu nuen, baina agian konplikatua izan zitekela iruditu zitzaidan, ze niretzat hau afizio bat da eta gauza teknikoetan murgiltzeko denbora mugatua dut. Baina Joxe Rojasi bere Teknopata blogean irakurri nion aukera hori nahiko erreza zela eta oso ondo funtzionatzen zuela. Ondorioz, saiakera egin nuen eta oso pozik gelditu nintzen emaitzarekin. Ordutik, zure fedibertsoko plataformatik jarrai dezakezu blogean idazten dudana, hona etorri gabe; eta zuzenean zure plataformatik zabaldu, gustoko eman eta iruzkinak egin ditzazkezu eta blogean jasoko ditugu. Niri marabillosoa iruditzen zait guzti hau: askatasuna ematen dizu gauzak jasotzeko eta elkarrekintzak izateko zuk erabakitzen duzun lekutik.

Imagina dezakezun bezala, nire esperientzia Fedibertsoan oso positiboa da. Aldatzea kostatzen da, zeren inertzia oso gaiztoetatik gatoz eta, bapatean, beste martxa eta mentalitate batekin ibili beharra zaila egin daiteke. Baina gero gustora hartzen duzu bai, behintzat, nik bezala patxada maite baduzu. Zientzia dibulgatzeko leku askoz ere naturalagoa eta erosoagoa egiten zait, bai izaera beragatik, bai heltzen naizen jendera gertukoa dudalako. Blog hau metriken logikatik kanpo izan dudanez beti, afizio bat baita, niri jende gutxiagora heltzea berdin zait, zeren heltzen naizen horiek hautatu dute idazten dudana beren denbora-lerroetan egotea. Eta hori da zientziaren komunikazioari gertatu dakioken gauzarik onena: jendeak hori jaso nahi izatea.

Aurreko guztia nahikoa ez bazaizu iruditzen, argudio definitiboa daukat: hala nahi duten Fedibertsoko plataformek kafepintxoaren emojia dute… :koldotxu: kodea erabilita. Zitalek Mastodon.eus-eko administratzaileei hala eskatuta eta ni deskojonatzen ari nintzela, emoji hori edukitzeko aukera sortu zen. Bere komunitatearen isla da Fedibertsoko txoko bakoitza, komunitate horren parte delako eta, horrela, ulertu eta omentzen du bere komunitateko kideak. Eta hori ez duzu beste inon aurkituko.

Iruzkinak

6 erantzun “Fedibertsoak eta zientziak elkar maite beharko lukete” bidalketan

  1. :nokatoka: [ˈjo̞.kʲiɲ]-ren avatar

    @koldotxu wala!! @anabasa k partekatuta zure blogaren sarrera hau nire Mastodoneko denbora-lerrora iritsi zait. Federazioaren magia ezagutzen nuen, baina bizitzea beste mobida bat da. Asko gustatu zait sarrera, Koldo! Desiatzen nago zure blogaren berri gehiago izateaz, hemendik mastodonetik esota blogara zuzenean sartuta

    1. Koldotxu :koldotxu:-ren avatar

      @Jokin_PA oraindik erabiltzen eta txukuntzen ikasi behar dut blog-fedibertso loturarena, baina oso polita iruditzen zait bakoitzak aukeratu ahal izatea nondik eta nola irakurri nahi dituen nire harrikadak @koldotxu@www.edonola.net @anabasa

      1. joxe-ren avatar

        @koldotxu@mastodon.eus @Jokin_PA @koldotxu@www.edonola.net @anabasa eta edonon dagoela ere, harrikadokin interaktuatzeko aukera izatea!

        1. Koldotxu :koldotxu:-ren avatar

          @joxe egia! Batez ere hori! Nabaritzen da jai-egunean lanera etorri naizela @Jokin_PA @koldotxu@www.edonola.net @anabasa