Otsailaren 6an Durangoko Bizenta Mogel liburutegian izan nintzen liburutegiak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak gonbidatuta, genetikaren gaurko mugarriei buruz hitz egiteko. Hitzaldi-solasaldia grabatuta gelditu zen eta EiTBren nahieran zerbitzuan eskuragarri duzue, ordubete soberan baduzue eta genetikari buruz kontutxo batzuei buruz (gene-informazioa ulertzea, gene-edizioa eta genetikaren dibulgazioa) ikasi, ulertu edo hausnartu nahi baduzue.

Aurten, nire buruari gardentasun ariketa bat jarri diot: egiten dudan dibulgazio-jarduera (ez-instituzional) bakoitzean, azaltzea zer egin dudan zientzia eta bere balioak transmititzeko dibulgazio-jarduera horrekin, #Zientziapoza deitu diodan ariketa, hain zuzen ere. Nire ideia zen blogean idazten nuenean, bukaeran erantsi egitea; eta beste formatu edo etxeetan, blogean sarrera batean azalean. Hortaz, hemen doa hitzaldi-solasaldi horrekin egin nahi izan nuenaren azalpena.
Zein zen nire helburua jarduera honekin?
Genetikak lilura handia sortzen duenez, azken finean biziaren hizkuntza delako, wow efektuaren atzean dagoena azaltzea eta bertaratuei informazio zehatza eta ulergarria eskaintzea. Horrela, genetikari buruzko informazioa jasotzen dutenean, informazio horri neurria behar bezala hartu ahal izateko.
Ze balio landu ditut?
Jakitearen lilura, zintzotasuna, zuhurtzia, erantzukizuna, historia, jakinmina elikatzea, gertutasuna, gardentasuna.
Nola saiatu naiz aurrekoa egiten?
Edukiaren aldetik, genetika modernoak ertz asko eta interesgarri dituenez, hiru ertzetan zentratu naiz.
- Gene-informazioa ulertzea. Horrela deitu diet genetikak sortu diren lanabesei eta marko teorikoei, gene-informazioaren funtzionamendua ulertzeko garatu direnak. Sekuentziazioa, geneen funtzioaren kontrola eta ingurunearen eragina muin bezala hartuta, dakiguna eta ez dakiguna azaltzen saiatu naiz.
- Gene-edizioa. Azken urteetan indartsuen jo duen gaia izan da hau eta, ondorioz, bai ala bai azaldu behar nuen. Zuhurtzia handiarekin, ikerkuntzan asko lagundu duela nabarmendu bai, baina osasun-arloan oraindik itxaron beharko dela azpimarratuta.
- Genetikaren dibulgazioa. Honetan indar handia jarri izan nahi dut, genetikaren azalpen okerrak gauza lazgarriak eragin baititu (eugenesia edo arrazismoaren justifikazioa, esate baterako) eta herritarrek kontuak eskatu behar dizkigutela azpimarratzeko. Zientziak erantzukizun sozial handia du, genetika da berebiziko erantzukizuna duen jakintza-arloa.
Formaren aldetik, ostiral arratsaldea izanda, gertuko solasaldi bezala planteatu nuen. Gainera, niretzat, aste gogorra izan zen, bai lan-kargaren aldetik, bai bi egun lehenago pairatu nuen gertaera desatsegin batengatik. Hala, ondo pasatzera joan nintzen, komunikatzera eta genetikari diodan maitasuna eta griña transmititzera, zintzotasunez.
