Ana Galarragari atzo txio batean irakurri nion SARS-CoV-2aren jatorriari buruz datu berriak aurkitu zituela ikertzaile talde batek. Ez da lehen aldia sorta honetan SARS-CoV-2aren jatorriari buruz aritze naizela, baina Nature aldizkari entzutetsuak argitaratu du ikerketa eta, jakinminagatik, irakurri eta hona ekarri dut. Gainera, horrela, jatorria zein den jakitea detektibe-eleberri bat bezala har dezakegu!
Pangolinak SARS-CoV-2aren ondorioz fama txarra hartu badu ere, bere haragia preziatua da txinatar sukaldaritzan eta bere ezkatak txinatar medikuntzan erabiltzen dira. Ondorioz espezie hau galzorian jarri da eta, hortaz, bere harrapaketa debekatuta dago. Baina badakizue nolakoak garen gizakiok, eta debekuaren aurrean pangolin-trafikoa areagotu da merkatu beltzean.
Halako pangolin-trafikoaren aurkako operazioetan konfiskatutako pangolinen laginak erabili dituzte SARS-CoV-2aren jatorrian sakontzeko. 2017ko abuztutik 2018ko urtarrilera arte Guangxni egindako operazioetan konfiskatutako 18 pangolinen ehun ezberdinak (esate baterako, birikak, odola edota hesteak) aztertu zituzten eta 6 ehunetan koronabirusak detektatu zituzten; eta bere genomak ia osoki sekuentziatu ere. Sei birus horien antolaketa SARS-CoV-2aren antzekoa da, berak dituen hamaika geneak baitituzte. Gainera 2019an Guangzhoun egindako beste bi operazioetan konfiskatutako pangolinetatik beste bi birus-sekuentzia lortu zituzten, guztiz osoak ez baziren ere.
Birus guzti horien sekuentziak erkatu ziren beste SARS-CoV sekuentziekin, hala nola giza SARS-CoV-2arekin edota saguzarren koronabirusekin. Horretarako erabili ziren teknika filogenetikoak, bizidunen harremana eta eboluzioa aztertzen duen genetikako alorra. Pangolin horietatik lortutako koronabirusak SARS-CoV-2aren leinukoak direla ondorioztatu zuten, batez ere Guangzhoun konfiskatutako pangolinetatik lortutako biak. Bi birus horiek leinu berdinekoak badira ere, saguzar batean isolatutako RaTG13 koronabirusa da momentuz giza SARS-CoV-2tik gertuen dagoen koronabirusa.
Hala ere, misterioa handitzeko, ACE2 hartzailera lotzeko erabiltzen den sekuentzia-zatia antzekoagoa da pangolin- eta giza-koronabirusen artean, saguzar- eta giza-koronabirusen artean 🤷🏻♀️. Hau da, egitura osoa kontuan izanik saguzar batena da antzekoena, baina giza-zeluletara sartzeko erabiltzen duen sekuentzia pangolineko koronabirusetik gertuago dago. Hori azaltzeko bi aukera ematen dituzte: konbergentzia ebolutiboa gertatu izana, hau da, pangolin- eta giza-koronabirusek modu independentean lortu izana ACE2ra lotzeko antzekotasun hori; edo pangolin- eta saguzar-koronabirusen artean gene-elkartrukea gertatu izana, errekonbinazioa deitzen den gene-prozesuaren bidez. Azken hau gertatu izan balitz, egileek iradokitzen dute pangolinen papera saguzar eta gizakien arteko zubia izatea izango zela. Baina oraindik datuak falta direla zehazki jakiteko. Hortaz, ikertzen jarraitu beharko da pista berriak lortzeko.
Ikerketa sinplea da baina oso dotorea. Birus horren jatorria zein izan daitekeen jakiteko beharrezkoa dena, apaindurarik gabe, teknika sofistikatu eta ultramodernorik gabe. Naturen argitaratzea lortu dute gaia bolo-bola dagoelako, ez egin dutenagatik. Beste edozein testuingurutan edo gairi buruz halako ikerketa bat zientzia-aldizkari apal batean argitaratu beharko zen. Normalean zientzia sinple eta txukunak ez du lekurik aldizkari entzutetsuetan.
Zera, dena berritzailea eta konplikatua izan behar duten garaietan, zera berresten da: rockzale zaharrak, filogenetika kasu honetan, ez dira inoiz hiltzen. Rock the world!
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika