Gaurkoan eboluzioaren bitxikeria batekin nator, kontraintuitiboa dirudiena. Istorio honetan ezer ez da dirudiena, plottwistak daude eta aldi berean gauza ezberdinak gertatzen ari da. Joan krispetak prestatzen.
Askotan aipatu izan dut blogean eta itxialdirako pilula hauetan, gene-aldaera batek ingurunera hobeto moldatzea eragiten badu, gene-aldaera hori hedatuko dela. Abantaila ebolutibo bat direnez, onuragarriak direnez, zentzua dauka hedatzea eta denok pozik egotea horrekin, indibiduo, populazio eta espezie horren mesedetan izango baita.
Baina ez arin, txikitok.
Itxialdirako sorta honetan ere irakurri duzue gene batek hainbat funtzio bete ditzakela. Edo gene baten funtzioa eraginkorra izatea edo ez, ehunaren eta momentuaren arabera alda daiteke ere. Gerta daiteke momentu edo behar konkretu baterako gene-aldaera batek genearen funtzioa hobetzea baina beranduago, baldintzak aldatzerakoan, funtzio hori kaltetzea. Kontuan izan gure bizitzan zehar gure beharrak eta horiek asetzeko moduak aldatzen doazela; eta horiei aurre egiteko geneen funtzioa modulatu behar dela. Ez da gauza bera jaioberri bat izatea, nerabe bat edo heldu bat. Eta hemen dago koxka: hautespen naturalaren ikuspuntutik hobeto ugaltzea eragiten duten gene-aldaerak dira eraginkorrenak. Interesgarriak dira haurren biziraupenean laguntzen duten gene-aldaerak edo ugalketa bermatuko duten gene-aldaerak. Gene-aldaera horiek behin ugalketa garaia pasa denean kaltegarriak badira, ez du axolako. Eta ez, hau ez da ariketa teoriko soil bat. Gero eta ebidentzia gehiago daude horren alde. Hau da, berandu agertzen diren gaixotasunekin lotutako gene-aldaerak hautespen-naturalak ez ditu zigortu, ugalketa gertatu artean gene-aldaera horiek kaltegarriak ez zirelako edo onuragarriak izan zitezkeen edo. Onak ziren, baina zama bat bilakatzen dira.
Baina denborarekin lotutako gene-aldaera horiek ez dira halako izaera duala dutenak. Beste gene-aldaera batzuk ere kontraesan horiek sortzen dituzte.
Kasu honetan ingurune jakin batekin hobeto moldatzeko gene-aldaerak ditugu. Adibidez, latitude altuagotan eguzki-izpi gutxiago heltzen denez, larruazala argiagoa izatea abantaila izan daitekela ikusi da, modu horretan D bitamina eguzki-izpien bidez sortzea errazten baita. Gene-aldaera batek azalean melanina gutxiago egotea sortzen duenez, eguzki-izpiak barrurago sar daitezke (melanina dagoenean eguzki-izpiak zurgatzen dira) eta, horela D bitamina hobeto sortu. Ba gene-aldaera hori ere melanoma (azaleko minbizia) garatzeko probabilitatearekin lotura duela ikusi da. Imajina dezakezun bezala, latitude baxuagotan azala argiagoa izatea desabantaila da, erretzea errazagoa baita.
Beste adibide bat, gure immune-sistema lekuan-leku adaptatuta dago leku horietako patogenoei aurre egiteko. Leku bateko patogenoei erresistente egiten gaituzten gene-aldaerak beste ingurune bateko patogenoei sentikorrak egin gaitzake. Horren harira, iradoki da gure espeziearen hastapenetan pairatzen genuen birus bati aurre egiteko gaitasuna lortzeak, GIBari sentikorragoak egin gaituela. Edo GIBari erresistentea izateko CCR5 genea editatzea ideia txarra izan daitekela, gene horren gene-aldaerak inguruneko patogenoei aurre egiteko eraginkorrak izan daitezke eta; hori editatuz gero GIBa saihestu daiteke bai, baina agian atea beste patogeno batzuei zabaldu.
Hortaz, lekuan lekuko adaptazioak abantailatsuak izan daitezke, baina baldintzak aldatzen badira, zama bat izan.
Beste era batera esanda. Gene-aldaera batzuk abantailatsuak badira ere, horiek izatearen hipoteka ordaintzea zama astuna izan daiteke. Eta hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila eboluzioaren plazan.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
2 Comments on “Itxialdirako genetika (45): Zama diren onurak”
Comments are closed.