Irakurriko zenuten akademiako eta ikerkuntzako 350 profesional inguruk sinatu dugula COVID-19a osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren aldeko manifestua. Bai arazoen diagnosian, bai proposamen konkretuetan biodibertsitearen garrantzia azpimarratzen da. Goazen kontzeptu horren atzean izkutatuta geratu ohi den zerbait aztertzera.
Biodibertsitatea aipatzen dugunean burura etortzen zaiguna da espezie ezberdinen kopurua. Gero eta espezie ezberdin gehiago, gero dibertsoagoa dela ekosistema bat. Oro har, hori horrela da, baina baita ere kontuan izan behar da espezie bakoitzaren presentzia: espezie guztiak antzeko proportzioan agertzen badira, hobeto. Ekologoa ez naizenez, ez naiz sartuko horretan, hobeto ulertzen dudan beste kontu batean baizik. Biodibersitatea, espezie kopuruaz gain, espezie barruko gene-dibertsitatea da ere.
Espezie bakoitzak gene-aldaera gutxiago edo gehiago izango ditu bizi izan dituen presio ebolutiboen ondorioz. Gene-aldaera anitzagoak dituzten espezieek gaitasun handiagoa izango dute ingurunearen aldaketei aurre egiteko, hau da, ingurunearen aldaketei moldatzeko. Gainera, ez dugu ahaztu behar espezie batek leku batean dituen gene-aldaerak leku horretara moldatzeko erabili dituenak izan direla. Horrek ere esan nahi du parte den ekosisteman dauden espeziekin edo espezien aurka bizirauteko aproposenak diren gene-aldaerak izango dituela. Azken finean ekosistema baten barruan dauden gene-aldaerak ekosistema horren baitan egokienak direnak izango dira; eta ekosistema horrek izan ditzakeen aldaketen aurrean malgutasuna emango dituztenak.
Guzti hori nahiko agerikoa badirudi ere, ez diogu duen garrantzia ematen. Esate baterako, gure mendietan pinuak landatu genituen; baina orain gaixorik daudenez, eukaliptoak sartu nahi dira; gure mendietara moldatuta zeuden pago eta haritzen kaltetan. Espeziez gain, espezieen gene-aldakortasuna garrantzitsua da ulertzeko zein desastreak diren monokultiboak. Adibidez, hor dugu platanoa, hilzorian dagoena. Espeziea ez, baina bai gehien erabiltzen den barietate komertzialak, Cavendish delakoak, ezin die aurre egin pairatzen dituen izurriei; desagertzera kondenatuta dago gene-aldakortasunik ez duelako. 50ko hamarkadan Gros-Michel barietateari gertatu zitzaion bezala. Historia errepikatzen da, ez dugu ikasten. Dena klonikoa denean, aspergarria izateaz gain, ez du malgutasunik aldaketei aurre egiteko. Izan ere, espezie barruko gene-aniztasuna lagungarria izan daiteke aldaketetara moldatzeko basoek duten gaitasunean. Hau da, abeltzaintzarako, nekazaritzarako edo basogintzarako erabiliko diren espezieak hautatzean, bakarrik bere produktibitatea (ekonomikoa) begiratzea, hots, produktiboagoak diren gene-aldaerak aukeratzea, erabaki oso txarra izan daiteke etorkizunari begira.
Gene-dibertsitatea espezie baten eta, hedaduraz, ekosistema baten lanabes-kutxa da: gero eta anitzagoa izan, aldaketei aurre egiteko eta moldatzeko gaitasuna handiagoa izango da. Eta bizia oso aldakorra da. Ez dezagun etorkizuna hipotekatu orain oso errentagarriak diruditen lanabes gutxi batzuen alde apostu egiteagatik. Orain dena berpentsatu dezakegun garai hauetan, eman diezaiogun (gene-)dibertsitateari merezi duen garrantzia.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
One comment on “Itxialdirako genetika (47): Gene-dibertsitatea”
Comments are closed.