Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

2024 bukatzeko 4 zientzia-burutazio eta 2025rako asmo on bat

Orain dela bost urte Txinan pandemia bat kozinatzen ari zen. Ez genekin gainera etorriko zitzaiguna, baina Zientzia eta Dibulgazio ariketa erraldoi batean, etorri zitzaiguna azaldu eta ulertu genuen. Erresistentziak erresistentzia eta akatsak akats, zientzia eta zientzia azaltzea erdigunean egon behar zutela argi geratu zen. Bost urte geroago, antizientziak espazio publikoa okupatu du eta zientziak irabazi zuen  kapital sinbolikoa galdu duela dirudi. Zer arraio gertatu da?

Egoera

Ez dago zalantzarik zientzia egiten eta maite dugunontzat garai zailak direla. Zientziafobia ari du, gertaerek ez dute axola eta errealitatea ulertzeari uko egiten zaio. Europan ultraeskuin negazionistaren igoera bizi dugu eta boterea eskuratu duten herrialdetan zientziarekin lotutako inbertsioen murrizketak egin dituzte; AEBtan gezurti bat presidente aukeratu dute, osasun sailburu antitxerto negazionista bat izendatu nahi duena, hezkuntza saila deseuztatu nahi duena eta ebidentzietan oinarritutako hainbat neurri (klima-larrialdiarekin lotutakoak, adibidez) bertan behera utzi nahi dituena. Edo Elon Musk, Trumpen lagunik onena, Wikipedia erasotzen bukatu du urtea. Estatu espainolean, Valentziako tragediaren inguruan AEMET agentzia erasotu dute eta Mayor Oreja (euskaldunoi oroitzapen oso txarrak ekartzen dizkigun pertsonaia maltzurra) eboluzioa ukatzen dabil hainbat lekuetan. Okerrena da, oro har, tsunami antizientifiko honen aurrean erakunde akademiko edo zientifiko gehienak edota bertan jarduten dugun pertsona gehienak ostrukarena egiten ari garela. Berandu baino lehen erreakzionatzeko garaia da, gure ofizioaren eta afizioaren oinarriak eta izana erasotzen ari direlako. 

black microphone with stand near white smoke
Photo by cottonbro studio on Pexels.com

Negazionismoa

“Negazionismo” bezala izendatzen ditugun mugimendu, portaera eta marko intelektual multzoa da zientziaren prestigioaren higaduran eragin handiena izan duen gertaera. Negazionismoaren inguruan jakin beharrekoak Laida Arbizu Agirrek Ana Galagarrarekin izan zuen solasaldian ederki azaldu zituen. Ordu eta erdi hartzea inbertsio bikaina da gakoak ulertzeko. Nik bi ideia azpimarratu nahiko nituzke, bata, Arbizuk utzitako ideia batean sakonduta; eta bestea, buruan dudan zerbait partekatzeko.

Alde batetik, zientzia edota sortzen duen ezagumendua kolokan jartzen da, gure egunerokoa edo gure sinesmenak kolokan jartzen baditu. Zientziaren eraginak neutraltzat edo mesedegarritzat jotzen ditugun artean, dena ondo. Gure interesen aurka zerbait bada, orduan zientzia zalantzagarria da. Niretzat kasurik argiena PCRa izan zen. 35 urtez inolako zalantzarik gabe erabilitako teknika bat, genetika modernoaren oinarria dena, pandemian zalantzan jarri zen, “nik ez dut PCRan sinisten” esateraino. PCR baleko teknika zen ikertzeko edo gene-diagnosirako, baina isolatuta gelditu behar zinela erabakitzeko erabili zenean, hor “sinisteari” utzi zitzaion. Niretzat oso argigarria izan zen hori.

Beste batetik, negazionismoari aurre egitea zaila da abiapuntu eta ortzimuga ezberdinetan kokatzen garaleko. Batekoek, errealitatea ukatzera hel daitezke beren onura babesteko; bestekoek, errealitatea ulertu nahi dugu denon onurako. Indibiduo-komunitate, iritzi-gertaera eta ziurtasun-ziurgabetasun tentsioetan sortzen diren talken batuketa dela iruditzen zait. Nola aurre egin? Arbizuk proposatzen du negazionismoaren teknikak erabiltzea haiek konturatu daitezen beren argudioak okerrak direla, errespetua mantentzen duten negazionistekin behintzat, nolabait egoera bideratu. Egia da nire esperientzia pertsonalagatik zaila ikusten dudala baina Arbizuri kasu egingo diot eta saiatuko naiz, ahal dudan heinean, egoera bideratzen.

man holding flashlight
Photo by Matheus Bertelli on Pexels.com

Nolako komunikazioa, halako balioen transmisioa

Negazionismoak alde izan du egungo komunikazio-moduek bere balioen transmisioa erraztu duela. Berehalakotasunean, klik egitean eta hiperbentilazio hipererreaktiboan oinarritzen da gaur egungo komunikazioa. Horrek gezurrak, amen-omenak eta zalantzak (zentzu akritikoan) errez zabaltzea eta irentsi egitea dakar. Sare sozial batzuk oso ondo erabili dut hori errealitate paraleloak sortzeko eta hauteskundeak baldintzatzeko. Zientziak patxada behar du eta, halabeharrez, patxadatsuak diren komunikazio-bideak behar ditu. Ondorioz, zientziak bere balioekin bat egiten ez duten komunikazio-bideak erabili behar baditu, tentuz eta modu oso kritikoan egin behar ditu, eta ez bere helburua bilakatu. Bestela zientzia eta bere balioak dira galtzen dutenak. Adibiderik argiena da zientzia-argitalpenetan ziurgabetasuna murriztu dela eta gero eta hanpatuagoak direla. Ikusgarritasunean lehiatu beharra, zientziaren kalterako izan da. Mota jakineko sare-sozialekin, hori okerrera joango dela aurreikustea nahiko erraza da.

Nire ustez, zientzia modu askoz ere naturalagoan hedatu daiteke Fedibertsoan, klik eta scroll egitera behartzen zaituzten plataformetan baino. Erabiltzaile bezala jarrera zeharo ezberdina delako, gure marko mentala zeharo ezberdina delako. Fedibertsoa “aspergarriagoa” dela esaten denean, patxadatsuagoa dela esan nahi da, baina hainbeste urte ziztu bizian bizi izanak lasaitasuna asperdurarekin nahastea eragiten digu. Zientziarekin gertatzen zaigun gauza bera. Desintoxikazio fase bat beharrezkoa da patxada zein gozagarria den gogoratzeko.

like printed on brown wooden scrabble
Photo by Pixabay on Pexels.com

Zientziaren ardura soziala

Hala ere, aurreko guztiak zailagoa izango luke zientzian ari garenok gure ardura soziala ahaztu izan ez bagenu. 2020an hain argi gelditu zena arin ahaztu dugu oraindik ez dugulako barneratuta zientzia, zerbait izatekotan, ardura soziala duen artefaktu bat dela. Lan erraldoia egin genuen gertatzen ari zen azaltzeko, baina oso gutxik ardura hori hartu genuen, aurretik lanketa hori, ardura sozialarena, eginda geneukalako. Denborarekin, gelditu zaidan sentsazioa da zientzian diharduten pertsona gehienak pandemia hartu zutela beren esperimentuak atzeratu zituen ezbehar bat bezala eta ez zientzia erdigunean jarri zuen aukera, orain galdua. Aspaldikoa den egiturazko-arazoa da ardura sozialarena eta zientziaren transmisioan gutxitan aipatzen ez den alderdi bat da. Doktorego-tesi bat egitean ez da lantzen den gaitasun bat zientziaren ardura sozialaz jabetzea ezta ardura hori nola gauzatu.

Hori dela eta, ardura hori gauzatzeko, aipatzen dira dibulgazioa, zientzia herritarra edo bestelako ikerketa-gai eta modu batzuk landu behar direla. Gai horietan sakontzeko, Ana Galarragak Olatz Ortega Vidalesekin solasaldi bat izan zuen zientziaren demokratizazioaz edo, Eider Sareguetak gidatuta, UEUk ekoiztutako Ikerl(h)ari podkastean dibulgazioa (eskerrik asko aipamenagatik!!!), ikerketa lokalageneroa eta herri-ikerketa izan zuten hizpide. Osagaiak hor daude eta, iruditzen zait, badagoela korronte bat egiten dugun zientziaz kontzienteagoa izan nahi duena eta, jabetze eta kontzientzazio horretan, zientziaren funtzio soziala ardatz garrantzitsua dela. Horretan ere lagunduko luke zientzian lan egiten dugunok, gure burua elite bat bezala ikusi beharrean, gizartearen/komunitate baten parte bezala ikusiko bagenitu gure buruak. Egiten dugun zientzia ez da testuinguru aseptiko batean egiten, behar, interes eta baldintza jakinetan baizik. Gure ardura da erabakitzea noren eta zeren mesedetan egiten dugun egiten duguna.

faceless people scolding discontent black girl
Photo by Monstera Production on Pexels.com

Zientziaren bizipoza

Argi izan behar duguna da ez dugula etsi behar. Tsunami ilun, itogarri eta pobretzaile horren aurrean, zientzia aukera koloretsu, sutsua eta pozgarria dela aldarrikatu behar dugu. Zientziak ematen digun bizipozaren, hau da, zientziapozaren enbaxadoreak izan behar dugu. Zientziaren maila ezberdinetan ari garen norbanako edo erakundeek pentsatu eta adierazi beharko genuke gure egunerokoan, egiten ditugun jarduerekin (ikastaro bat, esperimentu bat, artikulu bat, liburu bat, hitzaldi bat kongresu bat,,…) zer egiten ari garen zientzia eta bere balioak transmititzeko, gure inguruan nahiz gizartean. Modu inplizituan eta inkontzientean zientziaren balioaren transmisioa egiten dugula pentsa genezake, horretan lan egiten dugulako eta egiten dugunaren arrazoiketan txertatu egon beharko lukelako, baina hala al da? Ez daukat hain argi.

Bada garaia zientziaren sustapen eta hedapena modu esplizitu, kontziente eta militantean egitea. Zientzia egiten eta maite dugunok aktibatu beharko ginateke, jada egiten duguna bideratzeko guda kultural honi aurre egiteko. Horregatik, 2025an zehar egingo ditudan dibulgazio-jardueretan, “jarduera honek nola lagundu du zientzia eta zientziaren balioak sustatzen eta hedatzen?” galdera erantzuten eta partekatzen saiatuko naiz, urteko asmo on gisa. 

Zientziaz betetako 2025 bat opa dizuet. Topa, lagunok, alde!

2 Comments on “2024 bukatzeko 4 zientzia-burutazio eta 2025rako asmo on bat

  1. @koldotxu #AMEN Bat egiten dut zure hitzekin, atalez atal: egoeraren diagnostikotik hasi eta #zientziapoza -raino. Hain zuzen, hau da gure lanean poz handiena ematen duen puntu garrantzitsuenetako bat: jakiteak elkarrekin ari garela, komunitate batentzat ari garela, eta ez garela alferrik ari. Beraz, mila esker, bihotzez, aipamenen gatik, eta topa zientziapozez betetako 2025 baten alde!!

Comments are closed.