Izaki bizidun baten konplexutasunaren artean eta genomaren tamainaren artean erlazioa egon daitekela uste dezakezu. Nahiko agerikoa dirudi, ezta? Gero eta konplexuagoa izan are eta argibide liburu handiagoa izan. Baina horrek, oro har, bakterioetarako balio badu ere landare eta animaliontzat ez du halabeharrez horrela izan behar. Landare eta animalion kasuan genomaren tamainak eta izaki bizidunaren tamainak edo konplexutasunak ez du erlazio zuzenik. Batzuentzat paradoxa, besteentzat enigma .
Esate baterako, gizakiok (beti gure zilborrari begiratzen diogu eta dena gurekiko erkatzen dugu) 3,2 mila milioi letra inguru dituen genoma dugu. Legamiak 12 milioi inguru, fruituaren euliak 130 milioi inguru, artoak 2,3 mila milioi inguru, piperrak 3,6 mila milioi letra inguru, izei gorriak 20 mila milioi letra inguru, behiak 2,6 mila milioi letra inguru, elefanteak 3.1 mila milioi letra, Fugu arrainak 393 milioi letra inguru eta txinpantzeak ia 3 mila milioi letra inguru. Ez, ez dirudi izaki baten tamaina edo konplexutasuna bere genomaren tamainarekin erlaziorik duen.
Gereziondo-aranondoaren lorearen edertasuna eta hostoen itxura bere genoman idatzita dago, 265 milioi letra inguru dituenak.
Zergatik tamaina eta konplexutasuna ez datoz bat? Kontuan funtzio biologikoa duten genomaren osagaiak (geneak) zati bat besterik ez direla. Ageriko funtzio biologikorik ez dutenak (hain gogoko ditudan osagai genetiko mugikorrak esate baterako), aldiz, genomaren zati nabarmen bat dira. DNA-txatar hau, ageriko funtziorik ez baitu, espezie batzuetan beste batzuetan gehigo metatu hedatu eta metatu dira prozesu ebolutibo ezbedinen ondorioz. Hortaz, genomaren tamainak, askotan, metatu duen DNA-txatarraren islada izan daiteke.
Hortaz, zera pentsa dezakezu, “ez da tamaina, funtzio biologikoa duten atalak (geneak) baizik!”. Har ditzagun aurreko espezieak eta gene kopurua jarri: gizakiok 20.000 gene inguru, legamiak 6.200 inguru, fruituaren euliak 13.600 inguru, artoak ia 39.000 inguru, piperrak 35.000 inguru, izei gorriak 28.000 inguru, behiak 20.000 inguru, elefanteak 20.000 inguru, Fugu arrainak 18.500 inguru eta txinpantzeak 18.000 gene inguru. Ez, ez dirudi gene kopuruak tamaina edo konplexutasuna azal dezakela.
Gene kopurua eta genoma tamaina konparatzen duen grafika. Gene kopuru eta genoma tamainaren arteko harremana argi ikusten da bakterioetan (gorriz) baina birus (urdinez) eta animali/landare/onddo-etan (berdez) joera hori ez da hain argia.
Orduan geneek ez dute konplexutasun/tamainan eraginik? Bai noski! Zera gertatzen da, izakiz izakiz gene ezberdinak daudela. Gainera gene batek funtzio biologiko ezberdinak bete ditzakela nola irakurtzen denaren arabera. Eta baita ere gene baten funtzioak eragin ezberdina izan dezakela gorputzeko ehun ezberdinetan edo denboran zehar.
Bai genoma tamaina dela, bai gene kopurua dela, zein DNA-txatarren eragina dela agerian zera utzi nahi dut: genomak ez dira sinpleak eta linealak. Bere baitan oraindik bere osotasunean ulertzen ez ditugun prozesuak, erregulazioak eta interpretazioak gertatzen dira argibide-liburuaren letra horiek funtzio biologikoetara itzultzeko.
Gainera genomaren tamaina eta konplexutasunaren arteko harremanaz gain beste arazo semantiko bat dugu: “eboluzionatu” hitza diogunean. Modu automatikoan izaki bizidun bat konplexuagoa denean eboluzionatuagoa d(ago)ela uste dugu. Eta hori akats handi bat da: eboluzioak ez du norabiderik eta, hortaz, izaki bat ez da bestea baino eboluzionatuagoa. Lurrean gauden izaki bizidunak eboluzioaren poderioz gaude hemen, sinpleagoak edo konplexuagoak, baina guztiok momentu konkretu honetako inguruneei egokituta. Eboluzionatuago kontzeptu hori, egia esateko, aurreiritzi bibliko baten ondorio izan daiteke (Genesia 1:26 eta 1:28), gizakiok gure zilborrari beti begira gaudenez, eboluzioaren tontor modua ikusten dugu gure burua. Baina dauden bide guztietako bat besterik ez gara.
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du
One comment on “(Genomaren) tamainak ez du axola”