Genetika, genomika ta beste

Gehiago bizitzearen ordaina

Hainbat gaixotasun, beren oinarri genetikoa izan dezaketenak, zahartzen goazen heinean agertzen dira. Hor ditugu Huntington, Alzheimer eta Parkinson-a bezalako gaixotasun neurodegeneratiboak edota minbizi mota batzuk. Aurreko batean oinarri genetikoak zehaztea zaila zela azaldu nizun , gaurkoan zailtasuna beste ikuspuntu batetik jorratuko dut: gehiago bizitzearen ordaina izatea.
 
Gizakiak ugaltze-garaia baino gehiago bizi garen ugazten bakarretakoak gara. Bai, egia da gizonok teorikoki ez dugula ugaltzeko gaitasuna galtzen baina adinarekin espermatozoideen kalitatea behera doa. Emakumeek menopausia pasa ostean urte asko bizitzeko gai dira. Hau gure espeziaren bitxikeria bat dela pentsa dezakezu, baina inplikazio ebolutibo argiak ditu.
 
Pentsa hautespen naturalak ugaltzeko gaitasuna eta ondorengoak ugaltzeko adinera heltzeko gaitasuna neurtzen dituela. Ugaltzen zarenean osasuntsua bazara eta, hortaz, ondorengo asko izateko gai bazara eta, gainera, ondorengo hauek ugaltzeko adinera heltzen badira, saria zuretzat. Hautespen naturalak zure material genetikoa maiteko du eta populazioan hedatuko da. Ugaltzeko garaia baino beranduago agertu daitezkeen gaixotasunek ez dute inolako eraginik honetan. Hautespena ugalketa garaian eragin du, gero gerokoak. Eboluzioaren ikuspuntutik zahartzerakoan sor daitezkeen gaixotasun genetikoak neutralak dira, ez dute ez alde ez kontra eragiten. Zoriaren eraginez hedatu edo murriztuko dira populazio batean.
 
Bi ñabardura honi:
 
1) Orain dela gutxi arte eta, tamalez, Lurreko hainbat lurraldeetan gertatzen den bezala, pertsona askok ez dira bere ugalketa garaia baino gehiago bizi. Gaixotasun edo goseteen ondorioz. Higienea, sendagai eta bizitzaren kalitatearen igoerarekin batera, aurreko baldintzetan bizi ezingo zenak orain bizi eta ugaltzeko aukera du. Horrek ere lehen azaleratzen ez ziren gaixotasun genetikoak azaleratzea ekarriko luke, jendea lehen horiek izateko adinera heltzen ez baitzen.
 
2) Guzti honekin batera, amamak gehiago bizitzeko hautespena egon daitekeela iradokitu da
 
. Amamek gehiago bizitzeak giza-taldeetan haurren zaintze hobetu dezakeela proposatu baita (beno, gaur egungo gizartean ere hori ikusten da, ezta?). Eta horren eraginez gure espezieak ugaltzeko garaia baino gehiago bizitzea. Honen inguruan dudak badaude ere.
 

 
Ikusten duzunez zahartzaroko gaixotasun genetikoak hor egotea gehiago bizi izatearen ordaina izan daiteke. Hala ere garaiz diagnostikatzea eta tratamendu eraginkorrak bilatzeko betebeharra dugu gehiago bizi ditugun urte horiek benetan bizi ahal izateko.
 

One comment on “Gehiago bizitzearen ordaina

Utzi erantzuna