Genetika, genomika ta beste

RNAren hizki-zopa

Hainbatetan RNA mota ezberdinek hizki-zopa bat eratzen dutela aipatu dizut. Honakoan zergatik hizki-zopa deitzen diodan azaltzen saiatuko naiz.
 

 
20141205082603
 
Hizki-zopa
 

 
Gaztea(goa) nintzenean 3 RNA mota zeuden:
 
– RNA mezularia (mRNA ingelezko laburduran): DNAren argibideak kopiatzen dituenak. Genoma errezeta-liburu erraldoia dela esan ohi dizut. Liburua ez kaltetzeko errezetak (geneen informazio erabilgarria) kopiatu egiten dira (mRNA-etan hain zuzen ere) eta horrela liburua babestuta gelditzen da. mRNA geneen morroitzat jo ditzakegu, ze errezeta egin behar den eramaten dutenak.
 
– RNA erribosomikoa (rRNA): RNA mota honek erribosoma deitutako egituraren osagaia da. Erribosomak sukaldaritzat jo ditzakegu, mRNA-ek “esaten” dieten errezetak egosten baitituzte proteinak egiteko.
 
– RNA transferentziazkoa (tRNA): erribosomei proteinak egiteko beharrezko osagaiak (aminozidoak deitzen direnak) eramaten dituztenak. Sukaldeko pintxeak.
 

 
Kitto.
 

 
Bai, gaztea(goa) nintzenean horrela zen. Nire zoriontasunean bizi nintzen RNA laburduraren aurretik ezagutzen ez nituen letratxoak ikusten hasi nintzen arte. Eta ordutik gero eta letratxo gehiago agertzen joan dira, RNA DNAren morroi hutsa izatetik perrexila baino saltsa gehiagotan sartuta egotera pasaz.
 

 
20141205082622
 
RNA, perrexila bezala, saltsa askotan dago
 

 
Momentuz, eta momentuz diot agian bihar RNA mota berriak agertzen baitira, hauek e ezagutzen ditugunetako batzuk:
 
– snRNA: nukleoko RNA txikiak. Zelula eukariotoen nukleoan aurkitzen dira eta mRNA aurreko molekulak (pre-mRNA deitutakoak) prozesatzen ditu. pre-mRNA errezetaren kopiaren zirriborrotzat jo dezakegu eta snRNA-ak fintzen du errezeta definitiboa (mRNA). lortzeko.
 
– snoRNA: nukleoloko RNA txikiak. Beste RNA batzuk (batez ere rRNA, tRNA eta snRNA) aldaketak eragiten dutenak; sukaldariak eta pintxeak behar bezala jartzen duten molekulak.
 
– asRNA: kontrako zentzuko RNA. Genomaren liburu erraldoia bi norabidetan idatzita dago eta DNAren ezaugarriak direla eta norabide batekoak eta bestekoak osagarriak dira. Ba, hara, eta non mRNAren osagarria den asRNA ere daukagun eta honek mRNA oztopatzen du osagarriak direnez batera jartzen direlako, -5 eta 5 batzea bezala da, azkenean 0 daukazu.
 
– lncRNA: kodetzaileak ez diren RNA luzeak. Hauek proteinen eraketa maila ezberdinetan kontrolatzen dute: geneen aktibazioan, mRNA-ak puntu ezberdinetan kontrolatuz edo proteinarako itzulpena kontrolatuz. Pixkat sukaldeko enkargatuak bezalakoak dira, momentu oro zer egin eta zer egin ez behar den kontrolatzen dute.
 
– miRNA: RNA txikitxoak. Hauek mRNA mezularia hartu eta degradatzen edo isiltzen du. Bai, errezeta apurtu edo “hau ez da egin behar” esan.
 
– piRNA: Piwirekin elkarrekiten duten RNAk. Aurrekoen antzekoak baina konplexuagoak, osagai mugikor eta errepikorretatik eratorriak. Hauen barruen rasiRNAk sailkatzen dira, errepikekin asoziatuko interferentziazko RNA txikiak. Bere lana osagai mugikorrak kontrolpean edukitzea da.
 
– siRNA: interferentziazko RNA txikia. Hauek ere, aurrekoak bezala, mRNA bahitzen dute. Bai, errezetak oso ondo kontrolatzen dira hamaika enkargaturen bidez.
 
Hauetaz gain SRP RNA, tmRNA, gRNA, stRNA, ta-siRNA, NAT eta beste hainbeste ditugu. Guztiak proteinen sorreran, RNA ezberdinen sorreran eta heltze prozesuan eta geneen aktibitateren kontrolarekin lotuak daudenak. Hau bai letra-zopa betekada!
 

One comment on “RNAren hizki-zopa

Utzi erantzuna