#KZJaia3ko balorazioan euskarazko kultura zientifikoa hedatzeko urte osoko traola erabiltzea erronka bezala jarri nuen eta #dazientziat proposatu. Ez da asmo berria, aurretik saiakerak egon dira eta nirea bakarrik proposamen xume bat da. Horregatik ekimena babestu duzuenoi eskerrak eman nahi dizkizuet eta proposamen honi buruzko argibideak eman nahi dizkizuet.
Zergatik #dazientziat?
Sare sozialetan mugitzen zaretenok, batez ere Twitterren, badakizue hitzak murriztu behar dira. Hori dela eta Trikotzaindiak aditzak trinkotzera animatu gintuen eta hortik #daitort #datsegik ta #daflipat bezalakoak sortu eta hedatu dira. Hizkuntzarekin modu dinamiko eta bihurrian jokatzeko modu bat da, bizitasun eta alaitasun asko ematen diona. Horregatik zientzia hitza aditza bilakatu eta trinkotu nuen, ezagumendua sortu eta transmititu egiten dugulako zientziaren bitartez. Zientzia-gaiak jorratzen eta hedatzen direnean zientzia egiten delako, jasotzaile pasiboa izatetik eragile aktibo izatera. Nik dazientziat, guk dazientziagu, gure arbasoek zezientziaten, guztiok dezientziakegu!
Zertarako #dazientziat?
Txoni Matxainek (@txonimatxain) esan bezala urtean zehar euskarazko kultura zientifikoaren hedapenean dugun jarduna errez aurkitzeko. Komunitate txikia baina aktiboa gara eta gure artean, birtualki bada ere, ezagutzen bagara ere, beti gehiagorentzako lekua dago. Hau da, zu ezagutzeko. Zu, zure lan zientifikoa edo afizio hutsez gogoko dituzun zientzia gaiak edo berriak. Aurkitze eta ezagutze hori errazteko modua da #dazientziat. Baina baita sortzen den ondorea (ezagumenduaren aldetik eta hizkuntzaren aldetik) hobeto harrapatzeko eta zabaltzeko.
Traolatik harago
Aurreko guztia errazteko Edonolan atal xume bat ireki dut Twitterren #dazientziat jarduna jarraitzeko eta @dazientziat Twitterreko kontuak jardun hori zabalduko du. Traola hori erabili duten txioak fitxatu, partekatzen diren estekak erraz eskuragarri jarri eta darabilgunon zerrenda egin. Euskarazko kultura zientifikoaren erakusleiho txiki bat.
Proposamen xume bat besterik ez denez zuen ekarpen eta iradokizunekin hobetzen joan gaitezke edota beste traola batzuk proposatu eta jarraitu. Guztia irekia da, komunitate hau horrelakoa baita: ideiak partekatu eta ezagumendua zabaltzen duena.