Genetika, genomika ta beste

Enbrioien geneak berridaztea? Printzipioz, ez.

Hautsak harrotu zaizkigu txinatar ikertzaile talde batek enbrioiak genetiko eraldatu dituztelako . Batez ere sortzen duen eztabaida etikoa dela eta . Busti egingo naiz eta nire iritzia emango dut: ez, ez genuke teknologia hau enbrioien material genetikoa berridazteko erabili behar.
 

 
Lehenik eta behin, zer eta nola egin duten azaltzea beharrezkoa da. CRISPR/Cas9 deitzen zaion teknologia/prozedura erabili dute, bakterio eta arkeobakterioen sistema immunetzat jo dezakeguna. Molekula multzo hori DNA sekuentzia jakina ezagutzeko gai da eta Cas9 aldatu baten bidez nahi den sekuentzia berria idatzi. Hori oinarri hartuta, gaixotasun genetiko baten ondorioz bizigai ez diren enbrioi batzuei gaixotasun genetiko hori sortzen duen gene akatsgabe bat jarri diete. Izan ere, CRISPR/Cas9 orain modan jarri den teknika bat da, ez bakarrik geneak berridazteko, baita C-Hepatitisa erasotzeko edota komertzialek ikerkuntzan sekulako eragina izango duela saltzen dute. Bizpahiru egunetan CRISPR/Cas9 buruz hainbeste entzun ostean honela gelditu nintzen:
 

 


 

 
Badakizue zer gertatzen zaidan? Deja vu bat daukadala. Azken berrogei urteotan genetikaren alorrean Grial Santua askotan aurkitu dugula: terapia genikoak, genoma osoko asoziazio analisiak, genomen sekuentziazioa, medikuntza pertsonalizatua,… guztiek osasunean eta medikuntzan iraultza handi bat suposatuko zuten eta… beno, aurrerakuntzak egon dira, bai noski, baina ez dira Griala izan. Susmoa daukat CRISPR/Cas9 delako honekin gauza bera gertatuko dela.
 

 
Lan hau egin duen taldearen buruak onartu du CRISPR/Cas9 teknika erabili dutela teorian egin dezakeena praktikan benetan egin dezakeen ikusteko. Eta teknologia nahiko berde dagoela onartu ere: nahi zen geneaz gain genomaren beste eskualde batzuetan aldaketak egin dituztela eta enbrioi askotan ez duela nahi bezala funtzionatu. Bere burua zuritzeko esan du enbrioi horiek bizigaiak ez zirenez agian enbrioi normaletan teknikak hobe funtziona lezakeela. Hortaz teknika fintzen jarraitu behar dela. Niri hemen lehen duda filosofikoa sortzen zait: enbrioi bat normala bada (suposatzen dut normala dionean bideragarria dela esan nahi duela) zertarako bere generen bat berridatzi? Enbrioi bat ez bada bideragarria dituen arazo genetikoengatik, zergatik eta zertarako berridatzi? Guztia in vitro egin bada, enbrioi bideragarriren bat lortuko zen. Bale, demagun bideragarria den eta gaixotasun genetiko bat duen enbrioia dugula eta hori dela berridatzi nahi dugula. Berriro diot, ez dira in vitro enbrioi ez akatsdunak lortu?
 

 
Esan bezala kontu hau terapia genikoaren deja vu bat egiten zait… terapia genikoa delako. Eta jakin badakigu ez zela nahi bezain ondo joan. Edo egin nahi genuen guztia egin. Iraganetik zerbait ikasi behar genuke, ezta? Iragana aipatuz, 1964ean ordura arte egindako ikerketa ez etikoekin bukatzeko Helsinkiko adierazpena egin zen, gizakietan egiten den ikerkuntza etikoa dela bermatzeko. Eta gizakietan egiten den ikerkuntza argitaratzeko a) adierazpen hori betetzen dela ziurtatu behar da eta b) bioetika batzorde batek hori horrela dela bermatu behar du. Betebeharretako bat proposatzen den metodologia lortuko den helburuarentzat egokia dela ziurtatzea da eta beste bat lortuko diren onurak ikerketan egin daitezkeen kalteak justifikatzea. Enbrioien berridazketan zein da helburua? Geneak “konpontzea” bada CRISPR/Cas9 sistema onena da hori lortzeko eta helburu hori lortzea eragiten dituen arazoak justifikatzen ditu? Nire ustez ez, oso berde baitago teknologia eta lortu nahi den helburua hain aurrerapauso handia ez dela iruditzen baitzait (aurreko parrafoetan azaldu dut hori). Nire ustez etikoena izango zen teknika honen lehen akatsak ikusitakoan esperimentuak gelditu eta CRISPR/Cas9 enbrioietan ez erabiltzea argitaratzea izan behar zuen. Izan ere Helsinkiko adierazpenean hori aipatzen baita: aurreikusten diren emaitzak lortzen ez badira esperimentua gelditu. Hemen esperimentu osoa burutu zuten eta gero onartu teknika ez dagoela nahi beste garatuta. Niretzat hori sekulako etika falta da. Eta helburua baldin bazen “ea enbrioen geneak berridazteko gai garen”, etika faltaz gain, sekulako zientzia praktika kaxkarra da, zientzia deitu ahal bazaio. Ez naiz sartuko munduko alde horretatik etorri diren zientzia-iruzurretan, horrek beste artikulu bat beharko luke, baina agerian uzten du Ekialde Urrunean zientzia praktika eztabaidagarrietara duten joera.
 

 
Teknika berde badago ere, etorkizunean gene hau edo beste berridazterakoan gaixotasun genetikoak osatu daitezkeela esatea tentagarria da baina gehiegi sinplifikatzea eta harrokeria puntu bat du ere. Beste kontu bat da CRISPR/Cas9 teknika honen erabilera ikerkuntzan, esate baterako zelula isolatuetan geneen funtzioak ikertzeko. Horrela teknika finduz joan daiteke, askoz ere zehatzagoa izan eta nola funtzionatzen ondo ezagutzen denean, teknikari astindua eman zaionean, animalia-eredutan bere erabilera plantea daiteke. Baina zuzenean giza-enbrioietan erabili izana etxea teilatutik hastea iruditzen zait.
 

 
Laburbilduz, ez dut uste enbrioien geneak berridatzi behar direnik, alde batetik ez dakigulako teknika bera benetan behar bezala funtzionatzen duen edo beste bluff berri bat den eta beste alde batetik ez dudalako argi zertarako erabili nahi den eta horrek osasunean benetako hobekuntza bat ekarriko lukeen. Ni busti egin naiz, baina ez dudanez sinisten uste dudan horretan, gai honen inguruan (beste edozein gaiarekin bezala) ideiak elkartrukatzeko beti prest nago. Zein da zuen iritzia?
 

One comment on “Enbrioien geneak berridaztea? Printzipioz, ez.

Utzi erantzuna