Badaude ziklikoak diren gaiak, marmotaren eguna bezala erremediorik gabe behin eta berriz gurekin ditugunak. Gure mundutxo honetan horietako bat zientziaren komunikazioa eta berau jendartean nola heltzen den. Asteburu honetan berriro ekin diote gaiari Natur Zientzien 2. topaketan antolatu zuten “Komunikabideak zientzian, zientzia komunikabideetan” mahai-inguruan, atzo Amaia Portugalek Zientzia Kaieran jaso zuena . Twitter bidez jarraitu nuen kasualitatez, eta esan ziren gauza batzuekin nire desadostasuna erakutsi ere. Urko Aristi gaixoa, nire dardoak jaso zituen, agian gogorregia izan nintzen.
Dirudienez ikertzaileok #zientzia saldu behar sugu. Baina zinemaldiko irabazlea salgarria ez bada ere medioetan ohiartzuna du cc/#NZ2Topa
— Koldotxu (@koldotxu) November 28, 2015
Kietoparao @uaristi , tb publikoaren helburua gizarteari kalitatezko zerbitzua eskaintzea da ez audientzia #NZ2Topa https://t.co/5tYqSNzrHb
— Koldotxu (@koldotxu) November 28, 2015
Ta zerbaitek pereza ematen badu hauteskundeak dira. Baina medioetan agertuko dira erantzunkizunagatik. Zergatik ez #zientzia ekin? #NZ2Topa
— Koldotxu (@koldotxu) November 28, 2015
Patxadaz azalduko dut nire ikuspuntua. Orain dela urte batzuk ados egon ninteke baina azken urteotan zientziaren komunikazioan asko hobetu dugula iruditzen zait. Edo bai behintzat zientziaren dibulgazioa euskaraz, gaur euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugula. “Pereza” ematen duela, “hobeto saldu” behar dugula, gizartera hurbildu behar dugula, kazetariak eta ikertzaileak ez garela etsaiak eta batera lan egin behar dugula, eta betiko matraka guzti hori. Topiko hutsak. Zaharkitua, txuri-beltzean ateratako argazkia. Diskurtso horrekin jarraitzea euskarazko dibulgazioan egin den eta egiten ari garen lana gutxiestea da. Euskarazko dibulgazioa osotzen dugun zientziazale eta ikertzaile komunitate bizi, dinamiko eta alaiaren parte naizen aldetik, diskurtso horrekin jarraitzea egiten gabilen lana ez aitortzea dela iruditzen zait. Itsusia, oso itsusia. Bai, gaiarekin sentikor nago.
Elhuyarreko lagunek urteak daramatzate zientzia hurbiltzen eta ikertzaileei bere lana azaltzeko aukera ematen (Aldizkarian, Norteko Ferrokarrilan edota Teknopolisen adibidez), erakundeek merezi duten babes guztia jasotzen ez badute ere. “Ulertzera kondenatuak gaude”, barkatu, baina jada ulertzen gara. Eta emaitza politak lortzen dira. Izan ere, Elhuyarrekoen azken burutazioa, Wolfram Deuna , zientziaren komunikazioari buruzko topiko guzti horiek erdi usteak direla argi utzi dute.
Zer esan Zientzia Kaierari buruz? Egunero euskaraz zientziaren inguruko zerbait ekartzen digute. Uxuneri esango al diogu ez dabilela lortzen zientzia gizartera hurbiltzen eta gizartea zientziara? Hainbeste ikertzaile konbentzitu izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta ahaztu gabe, Kultura Zientifikoaren Katedrarekin lotuta, inork ezin dezake esan Bertsozientzia saioa erakargarria, berritzailea eta gertukoa izan ez zenik. Gorkak eta KZKoek egindako lanak zientzia oso ondo saldu zuen. Eta orain Bilbo Hiriarekin elkarlanean “Zientzialari” saioa hasi berri zaigu, zientzia denon eskura jarriz.
Bihar Durangoko Azoka hasten dela, Landako gune horretan orain dela urte erdi Udako Euskal Unibertsitateak Ikergazte kongresua antolatu zuen . Akaso ikertzaileontzat pentsatuta zegoela esan daiteke, baina, batetik, hain arlo ezberdinetakoak batu ginen, benetan, dibulgazio lan erraldoia izan zela; bestetik, Durangon giro bikaina dago, konprobatu genuen, uztezko zientzia eta gizartearen arteko labar hori gaindituz. Eta UEUz ari naizela, ezin ahaztu Txiotesia lehiaketa , Unibertsitatea.net atariko elkarrizketak edota “Aditu duzu?” saioa . Benetan lan guzti hori, hain berritzailea eta gertukoa dena, hor dagoela jakinda ikertzaileok gure lana azaltzeko beldur garenaren matrakarekin jarraitzen dugula?
Azkenik, nola ahaztu Txonik zientziazaleoi bota zizkigun erronkak eta nola erantzun genuen ere. Lehenengo Kultura Zientifikoaren egunarekin eta geroago Kultura Zientifikoaren Jaialdiarekin . Mota, adin eta esparru anitzeko zientziazaleei ez zien batere perezarik eman eta aktiboki parte hartu zuten, bai ekarpenak egiten (3 ediziotan 318 ekarpen) bai sarean zalaparta egiten. Zientzia denon eskura jartzen.
Hauek adibide batzuk besterik ez dira, beste ekimen eta proposamen moloiak egon badaude ere. Boteprontoan Josuk Ataria.info-n ekartzen dituenak edo Anak erakusten duen hiperaktibitate hori (Mari Kalanbre, aldizkarian, irratietan, telebistan,…). Nire omenaldi eta aitortza egin nahi diet lerro hauekin zientzia komunikatzen duen orori. Zientziaren eta gizartearen arteko labar artifizial hori gainditzea lortzen baitute, prentsa idatzian, irratietan, telebistan, blogetan, twitterren eta youtuben ere. Zientzia komunikatzen aspergarria den jendea edo garai hauetara moldatu ez diren ikertzaileak daudela? Noski baietz. Eskolak emateko batzuk balio ez duten bezala. Baina horrek ezin dezake lan guzti hau ezkutatu. Gai honi buruz hitz egiterakoan edo idazterakoan ezin gaitezke mugatu esatera “Pereza” ematen duela, “hobeto saldu” behar dugula, gizartera hurbildu behar dugula, kazetariak eta ikertzaileak ez garela etsaiak eta batera lan egin behar dugula. Ez. “Zientzia komunikatu? Begira euskaraz egiten diren gauza interesgarri eta erakargarri guzti hauek, jorratu beharreko bideak dira, gauzak ondo egin daitezkeenaren adibide dira.”
Honekin lotuta bi gauza arduraz begiratzen ditut. Bata pentsatzea halako kalitatezko gauzekin jendea ezin dela erakarri eta bestea gauza hauek ez ezagutzea. Hor badaude ere, hemen bagaude ere, proiekzioa eta ikusgarritasuna ematen lagun dezaketenak, ukazioaren eta ezjakintasunaren erosotasunetik ez mugitzea. “Erakargarriagoa egin behar duzue”, ez, etorri eta ikusi eta zabaldu egiten gabiltzan gauza eder guzti hauek. Berriro diot, ikertzaile guztiak ez dute honetarako balio, baina hori ezin daiteke aitzakia izan ekimen guzti hauek zabaltzen dituzten bideak ez ibiltzeko.
Nik bakarrik nire buruaz hitz egin dezaket. Proposatzen didaten ia gauza guztiei, guztiak ez esatearren, baietz esaten diet eta ahalik eta gertukoen eta erakargarrien egiten saiatzen naiz, batzuetan asmatuko dut, bestetan ez. Aurten egindakoak:
– KZJaia3-ko anfitroia izan. Guztira 144 ekarpen jaso eta zabaldu .
– Info7 irratiko Talaiatik saioan hilabetero kolaborazio txiki bat egin, azkena atzo bertan .
– Norteko Ferrokarrilera igo nintzen KZJaia3-az eta nire lanaz hitz egiteko .
– Zientzia Kaieran genetikaren historia azaltzen jarraitu dut beste lau atalekin .
– 4hizki deitutako bideolog-a hasi berri dut (hurrengoko saioa atzeratuko zait baina izango dugu) . Eta Euskadi Irratiko Hirigorrian aurkeztu ere.
– Bizitza zientifikoen topaketan izan nintzen, DBH eta Batxilergoko ikasleei zientzia hurbiltzen
– Wolfram Deuna ekitaldian bakarrizketa egin nuen zientzia fikzioa eta genetikari buruz.
– Laster Bilbo Hiriako Zientzialarin izango naiz.
– Aurten publikatu dudan artikulu zientifikoa modu errazean azaldu dut eta irakurtzen ari zaren blog honetan idazten ditudan gauza guztiak. Aurten 19 post.
– Eta, nola ez, #dazientziat proposatu eta aurrera eraman .
Nola ez naiz ba asaldatuko diskurtso zaharkitu horren aurka? Ze “erakargarriagoa”, “esfortzu gehiago” eta beste. Beste arloetan ez dakit, baina euskaldun bat genetikara hurbildu ez bada ez da aukerengatik izango. Ezin dut inor behartu nire arloa gustukoa izatera, nire gauza asko gustatzen ez zaizkidan bezala. Baina inork ezin dezake esan nahikoa egin ez dudanik. Oso erraza da mikrofono bat hartu eta pontifikatzea. Errealitatearen kontra badoa ere. Hor kokoteko bat antolatzaileei, lagunak tartean, errealitate hau, euskarazko dibulgazio komunitate sendoa ezagutzen ez duen pertsonarik ez gonbidatzea akats bat izan zen.
#IkerGazte n argi gelditu da: euskara ta zientziak bata bestearen arnasgune dira
— Koldotxu (@koldotxu) May 15, 2015
Txapa guzti hau, azken finean guzti honen atzean dagoena, txio horretan laburtzen da. Gure hizkuntzak, gaur bere nazioarteko eguna ospatzen dugula, aukera paregabea du zientziaren komunikazioarekin indartzeko, eta bai zientziak zein euskarak arnas hartzen dute egiterakoan. Elkarlanean egin eta ekin zientziazaleak, kazetariak eta ikertzaileak, erantzukizun eta konpromiso bikoitza baitugu: gizartearekiko eta euskararekiko. Zientzia jalgi hadi plazara!
One comment on “Zientzia, komunikazioa eta jendartea”