Dibulgazioan hasi nintzenean (non sartzen ari nintzen ez jakiteaz gain) hautu bat egin nuen: lehen egile bezala argitaratzen nituen zientzia-artikuluak azaltzea. Tira, zuk egin duzun lana ez baduzu zuk azaltzen, ez dakit nork azalduko duen. Eta hainbeste lan hartu eta sufritu ostean, ez zabaltzea egindako hori, ba pixka bat tristetxo gelditzen da dena. Niretzat nahiko agerikoa eta logikoa da hau egitea. Hortaz, hemen nago argitaratutako azken lanari buruz idazteko.
(gehiago…)Egilea: Koldotxu
-
Hemen gene-salda badago
Gaur arrastian udazkena hasiko da. Iraileko ekinokzioarekin batera Edonolan dibulgazio-denboraldia hasteko ohitura dut (bakoitza bere frikiak bizi du eta hemen zientziazaleak gara), eta horretara etorri naiz. Honako hau 9. denboraldiaren hasiera da. Nork esango zidan niri orain dela zortzi urte, zergatik dibulgatzen ez nuela azaltzerakoan, modu honetara buelta emango nionik…
(gehiago…) -
Koroaldaerekin ez galtzeko gida arina
Dibulgazio-oporretan banago ere, eta pandemiari buruz aritzetik distantzia pixka bat hartu nahi banuen ere, egoera zein den ikusita, ba zerbait arina kozinatzea otu zait. Baina ez aditu moduan (horrek dakartzan lanekin), baizik eta kafepintxo baten inguruan lagun batek kontatzen dizuna bezala. Beno, blog honen izpiritua jarraitzea, ezta? Joan berotzen kafea.
(gehiago…) -
Zientziak kritikatu behar dira
Gaur amaitzen dudan 8. dibulgazio-denboraldi hau atipikoa izan da. Aurrekoa bezain beste ez, baina arraroa: lehenago hasi nuen egoerak hala eskatzen zuelako eta urte hasieratik motel joan da. Eta denboraldia bukatu nahi dut hasi nuen bezala: jakinpozaren aldeko aldarria egiten.
(gehiago…) -
Beharrezkoa al da DNAren eguna?
Niri ezdakitzerren egunena eskutatik joan zaigula iruditzen zait. Egia da badaudela halako aitormena merezi duten gertaerak, borrokak eta eskubideak, baina hiperinflazio honekin indarra gal dezakete. Gaur DNAren eguna ospatzen da, beharrezkoa al da?
(gehiago…) -
Guzti honek merezi du
Gaur Edonolak 14 urte betetzen ditu. Urtero bezala konta nezake blog hau harrikada pertsonalak botatzeko hasi zela eta denboraren poderioz zientziarekin eta, batik bat, genetikarekin lotutako harrikadak botatzeko bilakatu nuela. Zera, bada, berriro kontatu dut. Kontua da, merezi al du zientziei eta genetikari buruzko blog bat elikatzeak?
(gehiago…) -
Sindemiak hemen jarraitzen du
Orain dela urtebete itxialdirako zientzia-pilulak hasi nituen. Orduan ez nekien zenbat iraungo zuten, ezta bi txanda izango zutenik edo zein harrera izango zuten. Nire asmo bakarra izan zen zientziak gehien behar genituen momentuan lagungarria izatea, heltzen zitzaizkigun berriak interpretatzen laguntzea. Zientzietaz zeozer dakien lagun bat bezala. Adituak eta arituak beste batzuk ziren eta izan behar zuten momentu horretan. Pertsonaletik egin nuen, ezjakintasunean lagun izateko. Urtebete geroago hemen jarraitzen dugu.
(gehiago…) -
Pandemia bati aurre egiteko neurriak
SARS-CoV-2aren hedapenaren eta COVID-19aren egoera oso kezkagarria da gurean. Berriro ere. Orain dela urtebete hasi zen pandemia honi neurria hartu ezinik gaude. Edo ez diogu hartu nahi. Orain dela 10 hilabete pasatxo hasi ginen neurri ezberdinak erabiltzen birusari aurre egiteko edo birusarekin bizitzeko. Baina badirudi ez dugula ezer ikasi eta akats berdinak egiten ditugula, bai erakundeek, bai norbanakook. Erantzukizun-maila ezberdina badugu ere eta egiten dugunaren eragina ezberdina bada ere, denon inplikazioa ezinbestekoa da pandemia bati aurre egiteko.
(gehiago…) -
2020
Urte honetan idatziko dudan azkenengo testua da hau. Urte arraroa izan da, gogorra, momentu batzuetan beldurgarria. Baina ez dut sentitzen urtea berez txarra izan denik. Gure miserien ispilua izan da baina horrek ez du urtea txarra egiten, orain arte egin duguna baizik.
Bide errazetik joko dugu eta erru guztia urteari bota. 2020a kaka bat izan dela eta pikutara bidali. Baina horrek ez du konponduko honaino ekarri gaituena. Hurrengo urteak hobeagoak izan direlaren ilusioarekin bizi gaitezke, baina 2020 honetan azaleratu den zaborrak hemen jarraituko du.
Urte honek gauza asko utzi dizkigu, baten bat positiboa, gehienak negatiboak. Baina geu gara horiek egin dituztenak, ez urtea. Urtea notarioa izan da, porrot egin dutenak, gu. Eta ez dugu ezer ikasi. Zaharrak berri. Urte berri on!
-
Gabonak
Oso gabonzalea naiz. Bihar Tomas Deunarekin hasiko den urteko sasoia hau pila bat gustatzen zait. Aurten pixka bat ezberdinak izango dira, baina berdin-berdin gozatuko ditut.
Bihar Areatzara ez naiz joango, ados, baina horrela jendetza ekidingo dut (iaz pilo bat agobiatu nintzen). Baina txistorra jatea eta indabak sakramentu guztiekin jatea berdin-berdin egingo dut.
Etzikaramu Olentzero dator eta Afaria ospatuko dugu. Urtero bezala, zorionez, ez dugu formatua aldatu behar ezta inor arriskuan jarriko. Niretzat Gabon gaueko Afaria urteko afaririk garrantzitsuena da, oroitzapenak gogoratzeko eta berriak sortzeko. Eguberritan, antzeko kontua, baina erresaka pixka batekin.
Gabon zaharraren oso zalea ez naizenez, ez dut inoiz parrandarik egin, jende gehiegi. Hortaz, aurten, ez dut aldaketa nabarituko. Eta etxean goxo-goxo urtero bezala afari eta bazkari bikainekin.
Gabonzalea naiz, bai, nire arrazoiak ditudalako. Eta inork ez dit ilusio hori kenduko.