Soinuaren bidez komunikatzen gara. Soinuak egiten ditugu eta gure garunak soinu horiek interpretatzen ditu. Baita ere soinuei erreparatzen diegu egoeraren ikuspegia edukitzeko edota arriskuak aurreikusteko. Soinuen arabera jokatzen dugu eta gure garuna horiek jasotzeko adaptatuta dago. Hori dela eta soinuetan patroiak aurkitzen ditugu eta patroi batzuk (musika) atseginak egiten zaizkigu.
(gehiago…)Egilea: Koldotxu
-
Nagitasuna
Bai, gaur berandu nabil. 120 hitz inguruko pieza hauek hamarretan argitaratu ohi ditut. Zera, normalean aurretik idatzita uzten ditut eta programatu egiten dut ordu horretan plazaratzeko. Baina azken aldian sekulako nagitasuna ematen dit guztiak eta berandu nabil. Izan ere, gaurko pieza beste gai bati buruzkoa izango zen. Atzo idatzi nahi nuen baina gaur goizerako utzi nuen eta azkenean ohean gelditu naiz goxo-goxo. Orain nabil idazten eta gaia aldatu dut, zeren nagitasunari buruz idaztea errazagoa egiten zait.
Bada, esan bezala, sekulako nagitasuna daukat gorputzean. Edo Igandeko aldartea. Edo geroratzea aldartea. Edo gurpilaz kokoteraino nago aldartea. Inkluso gustura egiten ditudan gauzak nagia ematen didate. Agian testuingurua da, agian oporrak behar ditudala, agian aspalditik datorren motibazio galtzea. Pentsatzeak ere nagitasuna ematen dit. Eskerrak igande osoa dudala ezer ez egiteko.
-
Idoloak
Idoloen fenomenoa eta sortzen dituen pasioak eta fanen legioak behiak trenei begira bezala uzten naute. Hotz, oso hotz. Batzuetan iruditzen zait dela ulertzen ez dudalako edo, agian, nire estandarretarako, zerbait irrigarria dela pertsona bat edo dena delakoa gurtzea. Baina ez da hori, gertatzen ari dena ulertzen dut, eta ez du nigan inolako erreakziorik sortzen, ezta barregura ere; asko jota sinesgaitza iruditzen zaidala. Iruditzen zait gakoa dela konektatzen ez dudala. Esandakoa, hotz uzten naula. Edo sekulako nagitasuna ematen didala. Hor nonbait egongo da.
Ez dut ukatuko hainbat pertsonek egiten dutenaren oso zalea naizela; hainbat pertsona miresten ditudala eta noizbait autograforen bat eskatu dudala. Baina gurtu? Ufa… Agian pertsona hotza naizelako ezin ditut pasio horiek sentitu, buruan edo ariman konexioren bat falta balitz bezala. Edo nerabezaroa orain dela asko atzean utzi nuela.
-
Euskaraldiarako genetika (125): Geneak geneen baitan
Genomen antolakuntza, hau da, gene-materiala deitzen dugun horren antolakuntza, dirudiena baino konplexuagoa da. Hainbat gene-osagai egon daitezke bertan, izaki bizidun edo ez-bizidunaren arabera, baina geneak dira hoberen ezagutzen ditugunak. Badakigu nola hasi egiten diren, nola itzultzen diren proteinetara eta nola bukatzen diren. Nolabait, geneen gramatikan trebeak garela uste dugu. Bai, ziur?
(gehiago…) -
Euskaraldiarako genetika (124): Genetikaren etorkizuna (eta 13)
Aurreko hamabi asteetan hona ekarri ditut genetikako eta genomikako hainbat adituk genetikaren etorkizuna nolakoa izango denari buruz esan dutena. Gaurkoan, bukatzeko, nire iragarpenak egingo ditut. Zeren ez naute nazioarteko aldizkari ospetsu batera gonbidatuko edo inora gonbidatuko nire iritzia ematera, baina, tira, nik nire iritzia dudanez zuekin partekatu nahiko nuke.
(gehiago…) -
Euskaraldiarako genetika (123): Retroiak
CRISPR sistema bakterio batzuek beren buruak birusetatik babesteko duten mekanismoa da. Ezaguna zaigu orain dela gutxi CRISPR sistema gene-ediziorako moldatzeak Nobel saria jaso zuelako. Baina ez dirudi gene-ediziorako baliagarria izan daitezkeen bakterioen defentsa-sistema bakarra denik.
(gehiago…) -
Euskaraldiarako genetika (122): Deus ex machina
Telesail eta film askotan ikusi izan dugu: egoera supertxungoa da, gure heroiek irtenbiderik gabe daude baina, tatxan, bapatean, istorioaren norabidearen kontra zerbait agertzen da gure heroiek mundua salba dezaten. Ez dakit, gizateria ia birrindu duten estralurtar batzuei birus informatiko bat bidaltzea; edo birus ultratxungo baten aurkako txertoa tximino batetik lortzea, adibidez. Baliabide horri Deus ex machina deitzen diote (inkluso Stargate SG1 telesailean kapitulu bati izenburu hori jarri zioten, autokonszienteak, autoparodikoak eta putoamoak direla aski soberan utzita) eta Grezia klasikoko antzerkian du oinarri, non makina batek jainko baten papera zuen antzezle bat eszenan sartzen zuen.
(gehiago…) -
Euskaraldiarako genetika (121): Korodatuak (4)
COVID-19aren inguruan eta gaixotasun hori sortu duen SARS-CoV-2 birusaren inguruan datu asko ematen dira. Horietako batzuk aurrekoetan landu ditut, pandemiaren fase ezberdinetan eman dezaketen informazioa ulertzeko eta pandemiaren bilakaera ulertzeko. Esate baterako, joerak nolakoak diren ikusteko, testak egiteko dagoen gaitasuna ikusteko edota, lazgarriena, hildakoen joera ikusteko. Gaurkoan agian intuizioaren aurkako zehaztasun bati buruz aritu nahiko nuke.
(gehiago…) -
Eltxoak
Eltxoek oso gogoko dute ni ziztatzea. Ez dakit zer duen nire odolak edo usainak erakartzen dituela. Uda terriblea da zentzu horretan: ez banaiz kontuz ibiltzen, edozein momentutan ziztatzen naute. Okerrena gauetan da, ez badut eltxo-hilgarria botatzen goizeko ordu txikitan ziztada heltzen da. Eta esnatzea. Eta azkura. Eta azkurak lo egiten ez uztea. Eta hurrengo egunetako azkura. Kremak eman beharra min hori jaisteko eta hatz egitea saihesteko. Uda egunetako drama txikia.
Bakarrik udan? Bada, udazkenean ere. Azaroan sartuta eltxoez, beren soinu gogoikarriaz eta beren ziztadez ahatuzko nintzela uste nuen baina ez. Orain gutxira arte ziztatzen jarraitu naute. Eta gauetan esnatzen. Hotza eta euriarekin eltxoez libratuko nintzela uste nuen, baina nahikoa da egun epel bat beren bisita jasotzeko. Ea itzultzen ez diren…
-
Errua
Azken zortzi hilabeteetan, eta azken asteetan batez ere, errua oso presente izan dugu. Kororen hedatzearen errua banatzen eta errieta egiten denbora pasatzen dute beren erantzukizunari so egin nahi ez diotenek. Baina errua oso arrotza egiten zaidan zerbait da.
Agian nire formakuntza laikoagatik hain kristaua den erruak ez du inolako eraginik nigan. Behiak trenari begira bezala gelditzen zait erruaren manipulazio moralista erabiltzen saiatzen direnean. Izan agintariak, izan txiolandiako profil anonimo bat. Nolabait erruak banatzeak beren posizioak eta iritziak indartuko balitu bezala. Ez dakit, ez dut inoiz ulertu.
Errua irakurri edo entzuten dudan bakoitzean Gosariak proiektuaren Errua etortzen zait burura eta buruan Ineses ahotsa gelditzen zait. Eta hori da efektu bakarra, zeren nire aitak irakatsi zidan bezala, ez dira errudunak bilatzen, konponbideak baizik.