Gaur Edonolak 14 urte betetzen ditu. Urtero bezala konta nezake blog hau harrikada pertsonalak botatzeko hasi zela eta denboraren poderioz zientziarekin eta, batik bat, genetikarekin lotutako harrikadak botatzeko bilakatu nuela. Zera, bada, berriro kontatu dut. Kontua da, merezi al du zientziei eta genetikari buruzko blog bat elikatzeak?
(gehiago…)Kategoria: Domeketako gosaria
-
2020
Urte honetan idatziko dudan azkenengo testua da hau. Urte arraroa izan da, gogorra, momentu batzuetan beldurgarria. Baina ez dut sentitzen urtea berez txarra izan denik. Gure miserien ispilua izan da baina horrek ez du urtea txarra egiten, orain arte egin duguna baizik.
Bide errazetik joko dugu eta erru guztia urteari bota. 2020a kaka bat izan dela eta pikutara bidali. Baina horrek ez du konponduko honaino ekarri gaituena. Hurrengo urteak hobeagoak izan direlaren ilusioarekin bizi gaitezke, baina 2020 honetan azaleratu den zaborrak hemen jarraituko du.
Urte honek gauza asko utzi dizkigu, baten bat positiboa, gehienak negatiboak. Baina geu gara horiek egin dituztenak, ez urtea. Urtea notarioa izan da, porrot egin dutenak, gu. Eta ez dugu ezer ikasi. Zaharrak berri. Urte berri on!
-
Gabonak
Oso gabonzalea naiz. Bihar Tomas Deunarekin hasiko den urteko sasoia hau pila bat gustatzen zait. Aurten pixka bat ezberdinak izango dira, baina berdin-berdin gozatuko ditut.
Bihar Areatzara ez naiz joango, ados, baina horrela jendetza ekidingo dut (iaz pilo bat agobiatu nintzen). Baina txistorra jatea eta indabak sakramentu guztiekin jatea berdin-berdin egingo dut.
Etzikaramu Olentzero dator eta Afaria ospatuko dugu. Urtero bezala, zorionez, ez dugu formatua aldatu behar ezta inor arriskuan jarriko. Niretzat Gabon gaueko Afaria urteko afaririk garrantzitsuena da, oroitzapenak gogoratzeko eta berriak sortzeko. Eguberritan, antzeko kontua, baina erresaka pixka batekin.
Gabon zaharraren oso zalea ez naizenez, ez dut inoiz parrandarik egin, jende gehiegi. Hortaz, aurten, ez dut aldaketa nabarituko. Eta etxean goxo-goxo urtero bezala afari eta bazkari bikainekin.
Gabonzalea naiz, bai, nire arrazoiak ditudalako. Eta inork ez dit ilusio hori kenduko.
-
Telesailak
Plazer handi bat badut hori telesailak ikustea da. Batzuetan konpultsiboki kontsumitzen dudan zerbait da. Izan ere, beste bizitza batean blog honetan ikusten nituen telesalei buruz idazten nuen, eta hor nonbait egongo dira gordeta.
Aspalditik iruditzen zait telesailak direla ikus-entzunezko arlotik eta literatura arlotik istorio interesgarrienak kontatzen dituztela. Formekin, kontakizunekin eta pertsonaiekin jolasteari beldurra kendu ziotela momenturen batean eta gauza oso moloiak egin direla. Zinea gero eta aspergarriagoa egiten zitzaidan garaian, eta liburuak irakurtzea gero eta gehiago kostatzen zitzaidan garaian, telesailek mundu berri oso asko ireki zizkidaten. Eta ordutik ez naiz tren horretatik jaitsi.
Egia da momentu honetan telesailen hiperinflazio bat bizi dugula, kaka gehiago dagoela alegia, baina horrek altxor gehiago egoteak sortzen du ere. Eta pandemiaren eraginez erritmoa jaitsi bada ere, desiatzen nago mundu horietara berriro bidaiatzeko.
-
Txokolatea
Bere hortan. Esnearekin. %70a arte. Almendrekin. Egindakoa. Turroia. Bonboiak. Txurroekin. Bizkotxoekin. Ogiarekin. Gailetekin. Palmeran. Hostopilean. Pantxinetan. Baina ez txuria. Ezta lore eta gauza arraroekin. Ontza bat. Edo bi. Edo tableta osoa.
Txokolatearen inguruan liturgia oso bat jaso dut etxean: Eguberriko gosaria egindako txokolatea da, Josu haurtxoaren gosaria, hain zuzen ere (amamak amari irakatsitako tradizioa; ta amak neuri); Urte Berrian beste hainbeste; eta urtebetetze bat ez da urtebetze bat txokolaterik ez badago.
Zeren txokolatea mundu honetako plazer handienetako bat da. Agian nutrizioaren ikuspuntutik pozoia da baina norberak aukeratzen ditu bere pozoiak. Agian garauak ateratzen zaizkit, baina gustora daramatzadan garauak dira. Plazerrak ez baitu kalterik egiten, ta ondorioak ondorio, plazerraz gozatu behar da. Inoiz ez baitakizu noiz geldituko zaren plazerrak dastatzeko aukerarik gabe.
-
Nagitasuna
Bai, gaur berandu nabil. 120 hitz inguruko pieza hauek hamarretan argitaratu ohi ditut. Zera, normalean aurretik idatzita uzten ditut eta programatu egiten dut ordu horretan plazaratzeko. Baina azken aldian sekulako nagitasuna ematen dit guztiak eta berandu nabil. Izan ere, gaurko pieza beste gai bati buruzkoa izango zen. Atzo idatzi nahi nuen baina gaur goizerako utzi nuen eta azkenean ohean gelditu naiz goxo-goxo. Orain nabil idazten eta gaia aldatu dut, zeren nagitasunari buruz idaztea errazagoa egiten zait.
Bada, esan bezala, sekulako nagitasuna daukat gorputzean. Edo Igandeko aldartea. Edo geroratzea aldartea. Edo gurpilaz kokoteraino nago aldartea. Inkluso gustura egiten ditudan gauzak nagia ematen didate. Agian testuingurua da, agian oporrak behar ditudala, agian aspalditik datorren motibazio galtzea. Pentsatzeak ere nagitasuna ematen dit. Eskerrak igande osoa dudala ezer ez egiteko.
-
Idoloak
Idoloen fenomenoa eta sortzen dituen pasioak eta fanen legioak behiak trenei begira bezala uzten naute. Hotz, oso hotz. Batzuetan iruditzen zait dela ulertzen ez dudalako edo, agian, nire estandarretarako, zerbait irrigarria dela pertsona bat edo dena delakoa gurtzea. Baina ez da hori, gertatzen ari dena ulertzen dut, eta ez du nigan inolako erreakziorik sortzen, ezta barregura ere; asko jota sinesgaitza iruditzen zaidala. Iruditzen zait gakoa dela konektatzen ez dudala. Esandakoa, hotz uzten naula. Edo sekulako nagitasuna ematen didala. Hor nonbait egongo da.
Ez dut ukatuko hainbat pertsonek egiten dutenaren oso zalea naizela; hainbat pertsona miresten ditudala eta noizbait autograforen bat eskatu dudala. Baina gurtu? Ufa… Agian pertsona hotza naizelako ezin ditut pasio horiek sentitu, buruan edo ariman konexioren bat falta balitz bezala. Edo nerabezaroa orain dela asko atzean utzi nuela.
-
Eltxoak
Eltxoek oso gogoko dute ni ziztatzea. Ez dakit zer duen nire odolak edo usainak erakartzen dituela. Uda terriblea da zentzu horretan: ez banaiz kontuz ibiltzen, edozein momentutan ziztatzen naute. Okerrena gauetan da, ez badut eltxo-hilgarria botatzen goizeko ordu txikitan ziztada heltzen da. Eta esnatzea. Eta azkura. Eta azkurak lo egiten ez uztea. Eta hurrengo egunetako azkura. Kremak eman beharra min hori jaisteko eta hatz egitea saihesteko. Uda egunetako drama txikia.
Bakarrik udan? Bada, udazkenean ere. Azaroan sartuta eltxoez, beren soinu gogoikarriaz eta beren ziztadez ahatuzko nintzela uste nuen baina ez. Orain gutxira arte ziztatzen jarraitu naute. Eta gauetan esnatzen. Hotza eta euriarekin eltxoez libratuko nintzela uste nuen, baina nahikoa da egun epel bat beren bisita jasotzeko. Ea itzultzen ez diren…
-
Errua
Azken zortzi hilabeteetan, eta azken asteetan batez ere, errua oso presente izan dugu. Kororen hedatzearen errua banatzen eta errieta egiten denbora pasatzen dute beren erantzukizunari so egin nahi ez diotenek. Baina errua oso arrotza egiten zaidan zerbait da.
Agian nire formakuntza laikoagatik hain kristaua den erruak ez du inolako eraginik nigan. Behiak trenari begira bezala gelditzen zait erruaren manipulazio moralista erabiltzen saiatzen direnean. Izan agintariak, izan txiolandiako profil anonimo bat. Nolabait erruak banatzeak beren posizioak eta iritziak indartuko balitu bezala. Ez dakit, ez dut inoiz ulertu.
Errua irakurri edo entzuten dudan bakoitzean Gosariak proiektuaren Errua etortzen zait burura eta buruan Ineses ahotsa gelditzen zait. Eta hori da efektu bakarra, zeren nire aitak irakatsi zidan bezala, ez dira errudunak bilatzen, konponbideak baizik.
-
Baheketa
Koronabirusaren pandemiarekin hitz eta gauza berri askotara ohitua gara. Horien artean baheketak daude. Herri batean positiboen kopurua asko igotzen denean, testak egitera deitzea, hain zuzen ere. Aste honetan horrelako batean parte hartu dut.
Bakoitzak bere arrazoiak ditu halako deialdi batean parte hartzeko edo uko egiteko. Nire partetik, batetik, ahal den heinean laguntzeko. Halako deialdi bat egin badute, ba parte hartzea ezinbestekoa da. Zer esango dut ez dakina, ikerketak gauzatzeko jendeak parte hartzea beharrezkoa baita. Ez litzateke koherentea eta bidezkoa izango honetan ez parte hartzea. Bestetik, ondo ari naizela baieztatzeko edo ezeztatzeko. Negatibo eman nuenez badakit ez naizela arriskuan jarri eta, ondorioz, egiten dudana egiten jarraitu behar dudala. Hau da, arduratsu jokatu dudala. Ta hori lasaitasun handia da garai estu hauetan.