Itxialdiaren inguruan termino belikoak ugaldu dira. Leku ezberdinetatik kritikatu dira, lekuz kanpo baitaude. Garrantzitsua iruditzen zait ahal den guztietan hau azpimarratzea: krisi hau ezin daiteke termino militarretan ulertu, zeren sendatzea ez da guda bat eta gu ez gara soldaduak.
(gehiago…)Kategoria: Kafepintxo
-
13 urte Edonola plazaratzen
Irakurle maiteok,
Gaur 13 urte betetzen dira Edonola martxan jarri nuenetik. Garai arraroak bizi ditugu halako gauza hutsalak ospatzeko, baina, tira, bizipoza ere mantendu behar dugu halako garaietan. Eta ikusita inguruan gertatzen ari dena, edozein aitzakia ona da irri txiki bat lortzeko.
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (19): Laborategietako langileei, eskerrak
Pilula hau Irati Romerok idatzi du.
Azken asteetan egoera arraro batean bizitzea egokitu zaigu. Aste zailak izaten ari dira oraingoak, baina argi izpi bat ere ageri da iluntasunean: maite ditugunon ongizatean inoiz baino gehiago pentsatzen dugu, elkarrengandik isolatuta bagaude ere inoiz baino gertuago gaude, eta intentziorik onenarekin abiatutako egitasmoak ikusten ditugu besteak beste.
COVID-19 gaixotasunaren aurrean jende asko dago bere onena ematen, batzuk etxean, isolatuta gaitza zabaldu ez dadin, eta beste batzuk jo ta ke lanean, beraien osasuna arriskuan jartzen. Guztien esfortzua eskertzen da. Guztiok jakin badakigu, ordea, koronabirusari aurre egiten kolektibo batzuk ikusezin gelditzen direla. Nik ondo ezagutzen dudan bat argira ekarri nahi dut: ikertzaile prekarioak.
Entzun edo irakurriko zenuten SARS-CoV-2aren infekzioa baieztatzeko PCR (Polimerasaren kate-erreakzioa) bidezko testak egiten direla. PCR teknika material genetikoaren zati batetik abiatuta, material genetiko horren milioika kopia egiten dituen teknika da. Teknika honek giza laginean, listuan adibidez, patogenoaren gene-materialaren fragmentu bat identifikatzeko aukera ematen du. Horrela, birusaren fragmentua identifikatuz gero, COVID-19rako emaitza positiboa izango genuke, eta identifikatuko ez balitz, negatiboa. Baina PCRak ez dira bakarrik egiten, laborategietako langileek egiten dituzte.
Hainbat unibertsitatek eta ikerketa-zentrok bere laguntza eskaini dute testak egin ahal izateko. Euren materiala eta adituak osasun sistemaren eskuetan jarri dituzte. Ikerkuntza-taldeek beren baliabide materialak eta pertsonalak COVID-19ari aurre egiteko bideratu dituzte, baliabide horiek lortzea asko kostatzen bazaie ere. Goraipatzeakoa da batez ere talde txikiek duten apurra denon onerako ematea, jakinda beraien etorkizuna arriskuan jartzen dutela. Adituei dagokienez, asko bolondres moduan ari dira lanean. Hortaz, test horiek gauzatuko dituztenak ahaztuta gelditzen dira, hauen lana goraipatzen diren beste lan batzuk bezain garrantzitsua bada ere. Hau pasatzen denean ez ditzagun ahaztu, mesedez.
Txertoarekin gauza bera gertatzen da, txertoa eskatzen da baina ez ikertzaileez (pertsonez) hitz egiten. Mundu osoko laborategietan lasterketan ari dira txertoa nork lehenago sortu. Talde osoa dabil lanean: ikerketa-burutik buztaneraino. COVID-19aren krisia dela eta, zenbait herrialde dirutza inbertitzen ari da txertoa ahalik eta azkarren sortzeko. Ikerkuntza epe luzeko inbertsioa da, ordea. Ikerkuntzaren garapena ez da bat-batekoa. Ikerkuntza patxadaz kozinatu behar da, janari goxoenak bezala; eta ikertzaileak denbora luzez goxatu behar dira, menurik onenak bezala.
Hortaz, izkutuan gelditzen diren pertsona guztiei, inor guztiei, eskerrik asko bihotzez. Zuek gabe hau ezingo genuke aurrera atera.
Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0 -
Itxialdirako genetika (18): Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
COVID-19 gaixotasunaren kudeaketaren inguruan badaude kezkatzen nauten ertz batzuk. Buruan nuen horiei buruz idaztea eta Xabier Landabideak ere proposatu zidanez horri buruz idaztea, gaurko pilula genetikaren eta eboluzioaren erabilera maltzurrez izango da. Hau da, eugenesiaz eta darwinismo sozialaz.
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (17): Urtaroko gripearen genetika
Sorta honetan zer landu daitekeen eskatu nizuen eta hainbat proposamen interesgarri jaso nituen. Gaur horietako bat landuko dugu, Uxune Martinezek eskatutako bietatik lehena: “zerbait urtaroko gripearen inguruan? Haren genetika zer-nolakoa den erakusteko?”
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (16): Tuskegee deitutako amesgaiztoa
Aliatuek kontzentrazio-esparruak askatu zituztenean bertan naziek egindako esperimentu zitalak agerian geratu ziten. Nurenbergeko epaiketetan, Mengele doktoreak eta enparauek egindakoa aztertu eta epaitu zen. Horiek ez errepikatzeko 1947.an Nurenbergeko kodea onartu zen, giza-esperimentazioa egiteko gida-lerroa. Onarpen nahikorik jaso ez zuenez, bere puntuak garatzen zituen Helsinkiko adierazpena onartu zen 1964.an, giza-ikerkuntza egiteko mugarri bilakatu zen dokumentua. Hala ere, Tuskegeek oraindik han jarraitzen zuen.
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (15): Birusei aurre egiten
Esan nuen modu “ofizialean” ez dudala COVID-19az hitz egiten, baina bai idazten dudala zeharkako gaiez edota nire izenean, pixka bat dakien herritar modura alegia. Eta ziberezagun batek galdetzen badu, lege onez erantzun beharko zaio. Ane Urkiolak galdetu zigun ea birusak nola hiltzen diren eta erantzuten saiatu nintzen sei txiotan. Beranduago nire aitak galdera berdina egin didanez ere, eta Gorka Juliok dioen bezala, txiotan jartzen dena euskarri egonkorragotara pasa, txio horietan jasotakoa, txukundu eta hedatu dut.
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (14): SARS-CoV-2aren jatorria (II)
Ana Galarragari atzo txio batean irakurri nion SARS-CoV-2aren jatorriari buruz datu berriak aurkitu zituela ikertzaile talde batek. Ez da lehen aldia sorta honetan SARS-CoV-2aren jatorriari buruz aritze naizela, baina Nature aldizkari entzutetsuak argitaratu du ikerketa eta, jakinminagatik, irakurri eta hona ekarri dut. Gainera, horrela, jatorria zein den jakitea detektibe-eleberri bat bezala har dezakegu!
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (13): Endorfinen genetika
Etxean sartuta gaudenez eta kanpotik datozen berriak momentuz pozgarriak ez badira ere, bizipoza mantendu behar dugu. Ongizate sentsazioa eta euforia endorfinek eman ahal dizkigute, plazerra sortzen dizkiguten jarduera batzuetan (esaterako, txokolatea jaterakoan edo orgasmoan) askatzen baitira gure nerbio sistemara.
(gehiago…) -
Itxialdirako genetika (12): RNA
SARS-CoV-2 birusa RNA birusa dela entzuteaz/irakurtzeaz aspertuko zinen. Itxialdirako genetika sorta honetan ere aipatu izan dugu hori! Agian institutu garaietan azken aldiz aurkitu zinen molekula honekin, hortaz, goazen berau aztertzera, baina saltseo pixka batekin.
(gehiago…)